Eusko Jaurlaritzako Europako gaietako zuzendaria, Mikel Antón, 2025eko irailaren 15ean izan da EHUko 2025-2026 ikasturteko nazioarteko ikasleei ongietorria emateko ekitaldian, Donostiako Campusean ospatu denean.
Ekitaldi hau izan da EHUko errektore Joxerramon Bengoetxearentzat lehen ongietorri-ekitaldia.
Unibertsitateko eta erakundeetako ordezkarien artean, errektoreaz gain, aipatzekoak dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Nazioartekotze zuzendari Iker Goiria, eta Udaleko Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotzia, Iñigo García.
Nabarmendu beharrekoa da Cardiffeko Unibertsitateko ordezkaritza zabal baten parte-hartzea ere: bertan izan dira Angharad Naylor errektoreordea, Patrick Carlin soziolinguista, Catrin Jones, eta Galesko ikasle talde bat, aurtengo ikasturtean EHUko ikasketak egingo dituztenak. Cardiffeko Unibertsitateko ikasle-talde batek, gainera, aste honetan Euskadin emango du egonaldia, gure herriaren errealitate kulturala eta linguistikoa, bereziki eredua den elebitasuna, gertutik ezagutzeko.
Cardiffeko Unibertsitateko kideen parte-hartze hau EHUrekin eta euskararekin egiten ari diren ikerlanetan, eta Euskadirekiko duten harreman estuetan kokatzen da. Izan ere, datozen hilabeteetan Euskadik berrituko du 2018ko uztailean Cardiffe-rekin lehen aldiz sinatutako ulermen-memoranduma.
EHUko nazioarteko ikasleak nagusiki Europako herrialdeetatik etorri badira ere, urrunagotik ere iritsiko dira, hala nola Uruguaitik, Costa Ricatik, Kanadatik, Kazakhstango Errepublikatik, Hego Koreatik, Singapurretik edo Japoniatik.
Aurreko ikasturtean, ia 1.700 ikaslek egin zuten egonaldia truke-programaren bidez EHUn, eta oraindik irekita dago bigarren lauhilekorako matrikulazio-prozesua.
Europako gaietako zuzendariak azpimarratu du ezagutzaren arloko lankidetzaren garrantzia, eta metodo zientifikoarekiko konfiantza, pos-egiaren gisako fenomenoei aurre egiteko. Bere esanetan, munduak eta Europak bakea eta ziurtasuna behar dituzten uneotan, balio horiek ezinbestekoak dira.






