- Osasuneko sailburu Alberto Martínezek gaur emandako Aginduak prozedura arautzen du Balorazio Taldea eratuta, irizpenaz arduratuko dena horren arabera patologien ziurtagiria emateko
- Eskaerak elektronikoki edo presentzialki egin ahal izango dira
Bihartik aurrera, irailaren 18tik aurrera, amiantoaren biktimek material horrekiko esposizioak eragindako kalte eta galerak ahal den neurrian eta osorik erreparatzeko sortutako konpentsazio-funtsean aurreikusitako dirulaguntzak eskuratzeko beharrezko ziurtagiria eskatzeko izapideak hasi ahal izango dituzte.
Hala ezartzen du Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak gaur emandako Aginduak. Agindu horren bidez, Amiantoaren Biktimen Balorazio Taldea sortu eta eratu da. Talde hori arduratuko da irizpenaz, oinarritzat hartuko dena Osasun Publikoko Zuzendaritzak laguntzen onuradunek material horren eraginpean egotetik eratorritako patologiak egiaztatzen dituen ziurtagiria emateko.
Horrela, bihartik aurrera, hau da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen den egunetik aurrera, eraginpeko pertsonek eskaerak elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte euskadi.eus atariaren bidez, bai eta presentzialki ere, Zuzenean Zerbitzuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen egoitzetan. Bi kasuetan, eskaera bete beharko dute, eta ekainaren 17ko 483/2025 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritako dokumentazioa erantsi.
Balorazio Taldea honako hauek osatzen dute: Osasun Publikoko teknikari batek, Laneko Osasunean aditua den Osalaneko mediku batek eta Ingurumeneko Osasunean aditua den Osasun Publikoko teknikari batek.
Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertuko ditu taldeak, amiantoarekiko esposizioaren jatorriari buruzko irizpidea betetzen dela egiaztatzeko eta ondoren ziurtagiria emateko, laguntzen onuradunek Estatuan GSINek (Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala) izapidetzen dituen konpentsazio ekonomikoak jaso ditzaten.
Aginduak hiru hilabeteko epea ezartzen du ziurtagiriaren prozedura izapidetzeko, eskaera erregistratzen den egunetik zenbatzen hasita.






