Vitoria-Gasteizek 12,5 milioi euro kudeatuko ditu urtero (50 milioi, orotara), Euskadiko hiriburu instituzional gisa duen pisua indartuko duten inbertsioak eta proiektu eraldatzaileak sustatzeko
Lehendakariak eta Vitoria-Gasteizko alkateak gaur goizean sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako hiriburuko Udalak joan den maiatzean lortu zuten akordioa; hain justu ere, Euskadi osoko instituzioen egoitza gisa Arabako hiriburuaren sustapena finantzatzeko berritu dute lankidetza akordioa Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Vitoria-Gasteizko Udalak.
Hitzarmen honen arabera, hiriburuko erakundeak 50 milioi euro eskuratuko ditu hurrengo lau urteetan −12,5 milioi urtero−; horrek Vitoria-Gasteizek hiriaren egunerokoan eragina duten proposamenak aurrera eraman ditzan Eusko Jaurlaritzak egindako apustua berresten du; zentzu horretan, inbertsioak bideratu, eta egitasmo eraldatzaileak garatuko dira, Euskadiko hiriburu instituzional modura Vitoria-Gasteizek duen betekizuna gehiago indartzeko.
Imanol Pradales eta Maider Etxebarria Ajuria Enean elkartu ziren maiatzean, arestian aipatutako Vitoria-Gasteizko hiriburutza-kanonari buruzko hitzarmena berritzeko zehaztapenak lantzeko. Batzar horretan, mintzagai dugun kanonari dagokionez, ordura arte aurreikusitako ekarpena % 25 handitzea adostu zuten alde biek; hori horrela, hurrengo lau urteetan, 50 milioi euro kudeatuko ditu Vitoria-Gasteizek.
Akordio hau ardatz hartuta, Vitoria-Gasteizko Udalak gutxienez 26 milioi euro bideratuko ditu inbertsio estrategikoetara, besteak beste, balio anitzeko Iradier Arena berrirako eta Goya gasolindegia zaharberritzeko; horrela, hiriburu instituzional gisa hiriak duen pisua gehiago indartu, hiriburuaren kanpoko proiekzioa sustatu, eta hiria ekonomikoki, sozialki eta kulturalki dinamizatuko dute.
Gaur goizean Imanol Pradales Lehendakariak eta Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkateak izenpetutako akordioaren bitartez −María Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua ere bertan izan da−, bi erakundeek berretsi egin dute, era berean, Vitoria-Gasteiz hiriburu dinamikoa eta modernoa izatea eta Euskadi osoaren zerbitzura egotea desio dutela. Hala Imanol Pradalesek nola Maider Etxebarriak adierazi dute pozgarria dela hitzarmen hau berritu izana, izan ere, akordio honek “mesede egingo dio, bai hiriari, bai Euskadi osoari”.






