- Uda lehorra izan dela ere esan daiteke, Gipuzkoako ipar-ekialdean izan ezik, eremu horretan uda ohikoa edo hezea izan baita.
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, uda meteorologikoa (ekaina, uztaila eta abuztua) oso beroa izan da (1.6 ºC-ko anomalia 1991-2020 aldiko ohiko batez bestekoaren gainetik), eta 1970etik hirugarren uda beroena izan da, 2023koaren eta 2022koaren atzetik. Era berean, lehorra izan dela ere esan daiteke, Gipuzkoako ipar-ekialdean izan ezik, eremu horretan uda ohikoa edo bustia izan baita. Aldi honetan hiru bero-bolada zenbatu dira: lehena ekainaren 18tik 21era, bigarrena ekainaren 27tik uztailaren 1era eta hirugarrena eta azkena abuztuaren 10etik 17ra.
Euskalmeten arabera, urte-sasoi bero honetan bero-boladako egun ugari izan dira, 17 guztira. Baina erregistro historikoan, 2022 inoiz ez bezalako urtea izan zen, 23tik gora izan baitziren urte horretan zenbatu ziren lau bero-boladetan, eta datu horrek 2016ko aurreko errekorra hautsi zuen, urte horretan 19 egun zenbatu baitziren. Aurtengo udan izan diren hiru bero-boladetatik abuztuaren 10-17 bitartekoa izan zen luzeena. Gogoan izan behar da EAEn neurtutako horrelako egoerarik luzeena 2003an gertatu zela, 12 eguneko iraupenarekin, eta, ondoren, 1987an gertatu zena, kasu horretan hamar egun zenbatu baitziren.
Udari hasiera eman zion ekaina oso beroa izan zen, eta serie historikoen errekorra hautsi zen 2003. urtearekin batera, 3.1 ºC-ko anomalia izan baitzen. Tenperaturak ohikoagoak izan ziren uztailean, nahiz eta batez bestekoaren gainetik ibili ziren Enkarterrin eta mendebaldeko itsasertzeko eskualdeetan, Debabarrenera arte, eta abuztuan berriz ere gora egin zuten, barnealdeko eskualdeetan eta Bilbo Handian batez bestekoaren oso gainetik. Berez, hirugarren beronena izan zen, 2022koaren eta 2003koaren atzetik.
Tenperaturei dagokienez, abuztuaren 6an bero handiko bolada bat hasi zen, hilaren 17ra arte luzatu zena. Bolada horren puntu gorena hilaren 15ean iritsi zen. Egun horretan, Sodupe-Cadaguako estazioan 44.9 ºC-ko tenperatura neurtu zen, eta Kantauri isurialdeko estazio askotan, batez ere mendebaldekoetan,, 43-44 ºC-ra iritsi zen tenperatura; hala, tenperatura maximo absolutuen errekorra hautsi zen hainbat estaziotan (Gardea 44 ºC, Igorre 43.8 ºC, Galdakao 43.5 ºC, Mungia 42.2 ºC, Arrasate 41.8 ºC, Ibai Eder 41.5 ºC, Espejo 39.2 ºC, Abetxuko 38.8 ºC eta Miramon 38.1 ºC).
Mediterraneo isurialdean hego-haizea nagusitu zen hilaren 16an eta 17an ere, eta horren ondorioz, Kantauri isurialdean ez bezala, beroak jarraipena izan zuen. Araba erdialdeko eta hegoaldeko estazio askotan tenperaturak maximoak 39-40 ºC-ra iritsi ziren ( Zambrana 40.5 ºC, Kanpezu 40.2 ºC, Espejo 40.2 ºC hilaren 16an; Kanpezu 40.9 ºC, Zambrana 40.3 ºC eta Moreda 40.3 ºC).
Hego-haize iraunkorraren eraginez, hilaren 11a bereziki beroa izan zen EAEren barnealdean (Arrasate 42 ºC, Balmaseda 41.8 ºC, Igorre 41 ºC, Zambrana 40.6 ºC eta Abetxuko 39.1 ºC). Antzerako zerbait gertatu zen hilaren 12an, baina tenperatura maximoek zertxobait behera egin zuten Mediterraneo isurialdean eta, aldiz, gora egin zuten Kantauriko haranetan (Gardea 44 ºC, Igorre 43 ºC, Zalla 42.9 ºC, Arrasate 42.2 ºC, Galdakao 40.2 ºC, Abetxuko 37.9 ºC eta Páganos 37.1 ºC). Goierriko zenbait lekutan, hala nola Amundarainen eta Estandan (41 ºC eta 41.6 ºC, hurrenez hurren), tenperatura maximo absolutuen errekorra hautsi zen egun horretan, hilaren 12an, alegia.
Beste bero-bolada aipagarri bat ekainaren 27tik uztailaren 1era bitartean izan zen, Afrika iparraldetik iritsitako aire-masa bero bat sartu izanaren ondorioz. Tenperatura maximo aipagarrienak hilaren 30ean neurtu ziren (Berna 38.1 ºC, Igorre 38 ºC, Gardea 38 ºC, Zambrana 37.9 ºC, Ordunte 37.9 ºC, San Prudentzio 37.5 ºC eta Saratxo 37.4 ºC), nahiz eta kostalde inguruan hilaren 29a beroagoa izan zen. Uztailaren 1ean bero handiena Araban eta Gipuzkoako barnealdean egin zuen, eta 37-38 ºC-ko tenperatura maximoak neurtu ziren (Etura 38.3 ºC, Salvatierra 38.1 ºC, Espejo 37.9 ºC, Kanpezu 37.6 ºC, Moreda 37.3 ºC eta San Prudentzio 37.3 ºC).
Aldi horretan, intsolazioa ohikoa dena baino zertxobait handiagoa izan zen, eguzki-orduak % 5-10 gehiago izan baitziren, batez ere Mediterraneo isurialdean. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 625 eguzki-ordu erregistratu zituen, Donostiak 615 eta Gasteizek 763.
Prezipitazioei dagokienez, baliorik altuenak Gipuzkoako ipar-ekialdean neurtu ziren, kostaldea barne, eta estazio askotan 300 l/m² baino gehiago pilatu ziren (Eskas 514.5, Ereñozu 391.3, Oiartzun 371.8, Añarbe 347.9, Andoain 303.9 eta Lasarte 273.9 ).
Muturreko meteorologiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak 12 alerta laranja aktibatu zituen ekainean, uztailean eta abuztuan (6 muturreko tenperatura altuengatik, 3 tenperatura altu iraunkorrengatik eta 3 prezipitazio handiengatik), eta baita 72 abisu hori ere (19 prezipitazio handiengatik, 25 muturreko tenperatura altuengatik, 15 tenperatura altu iraunkorrengatik, 5 baso-sute arriskuagatik, 6 nabigaziorako lehenengo bi milietan olatuen altueragatik eta 1 kostaldeko inpaktuagatik).