Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astean parte hartu du, eta mugikortasunaren garrantzia azpimarratu du, ez bakarrik ingurumenaren eta herritarren ikuspegitik, baita Euskadiko turismo-ereduaren funtsezko elementu gisa ere.
“Euskadik bultzatzen duen turismo jasangarria desestazionalizazioan eta deszentralizazioan oinarritzen da, eta horrek bisitarien fluxuak lurralde osoan banatzea dakar, gure udalerri guztien garapen orekatua sustatuta”, adierazi du.
Euskadiko Behatoki Turistikoaren (Enfokatur) datuen arabera, turistek lo egiten duten udalerritik kanpo 6 milioi txango baino gehiago egiten dituzte urtean, eta horrek berretsi egiten du garrantzitsua dela mugikortasun hori sustatzen jarraitzea, hain ezagunak ez diren baliabide eta herrietara erakartzeko motor gisa.
Testuinguru horretan, Grand Tour Euskadi Basque Country aurkeztu du sailburuak, euskal geografia osoa zeharkatzen duen zortzi etapako ibilbidea. Autoz egiteko diseinatu zen, baina zikloturismora ere egokituta dago. Helburua da turismo jasangarriagoa sustatzea eta lurraldea patxadaz ezagutzea. “Gaur, Mugikortasunaren Europako Asteko stand honetan, Grand Tourrari buruzko informazio guztia hurbilduko diegu herritarrei, baita gure zikloturismo-ibilbideei eta bide berdeei buruzkoa ere, ingurunea errespetatzen duen mugikortasun turistikoa bultzatzen baitute”, nabarmendu du.
Sailburuak azpimarratu du erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa dela politika horiek arrakasta izan dezaten: “Bereziki eskertu nahi dut Nora Abete alkateordearen eta Sonia Pérez diputatuaren prestutasuna eta koordinazioa, bai ekitaldi honetan, bai partekatzen ditugun proiektu ugarietan. Ahaleginak batzea da baliabideen eraginkortasuna hobetzeko eta gure politika publikoen jasangarritasunean aurrera egiteko aukera bakarra”.