Doako kirol jarduerak eta ate irekiak polikiroldegietan Kirolaren Europako Astea dela eta

0
PRUEBA

Irailaren 22tik 26ra edozein pertsona sartu ahal izango da kosturik gabe Paco Yoldi, Gasca, Belodromoa, Egia, Altza, Intxaurrondo, Bentaberri, Etxadi eta Bidebietako instalazioetara

Kirolaren Europako Astea, Europako Batzordeak bultzatua «#BeActive» lelopean, Donostiara iritsi da, ate irekien jardunaldiekin eta jarduera-eskaintza bereziarekin. Irailaren 22tik (astelehena) 26ra (ostirala), edonor doan sartu ahal izango da Paco Yoldi, Gasca, Belodromoko, Egiako, Altzako, Intxaurrondoko, Bentaberriko, Etxadiko eta Bidebietako instalazioetara. Kiroldegiko harrera-postutik igaro eta doako sarrera eskatu baino ez da egin behar.

Gainera, irailaren 27an (larunbata), Kirol Txartelaren harpidedunek 260 plaza izango dituzte dohainik Paco Yoldi kiroldegiko saioetan; besteak beste, saio hauetan: Circuit Training, Pilates, Total Body, Latin Zumba, GAP, Stretching eta Ciclo Indoor-eko master class maratoi bat. Izen-emateak irailaren 22ko 09:00etatik aurrera egin ahal izango dira, bai donostiakirola.eus webgunean, bai aurrez aurre, jarduerak ematen diren kiroldegietan, alegia.

«Udal-kirola funtsezko tresna da herritarren osasuna, bizikidetza eta ongizatea hobetzeko. Aste honetan herritar guztiei gonbitea luzatu nahi diegu Donostia Kirolaren eskaintza ezagutu eta bertan parte hartu dezaten», adierazi du Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotzi ordezkariak.

Kirol Ekintzak kanpaina

Programazio berezi hori bat dator Kirol Ekintzak kanpainaren denboraldi berriko ikastaroen hasierarekin: kanpaina hori 2026ko irailaren 22tik ekainaren 14ra izango da. Egun horretan 7.200 pertsona baino gehiago hasiko dira ikastaroak egiten, hau da, aurreko ikasturtean baino % 21 gehiago. Izena emateko epea zabalik egongo da kanpaina osoan, plaza libreak geratzen diren bitartean, eta, aurreikuspenen arabera, 10.000 pertsonatik baino gehiagok parte hartuko dute Kirol Ekintzak kanpainan.

Aurreko edizioetan bezala, haurren igeriketa da berriz ere gehien eskatzen den ikastaroetako bat, 2.000 haur baitaude izena emanda. Helduen artean, Pilates, Uretako Gimnasia, Ciclo Indoor eta Total Body dira jarduera aukeratuenak. 65 urtetik gorako kolektiboak ere parte-hartze esanguratsua du: 1.200 pertsonak baino gehiagok eman dute izena aretoko gimnasian, uretako gimnasian eta igeriketa egokituan. Gazteen kasuan, Cros Training, TRX, Circuit Training eta Total Training bezalako proposamenak dira aukeratuenak.

Denboraldi honetako berrikuntza nagusietako bat da Bretxako instalazioan pilates eta gimnasia 65 plus ikastaroak eskainiko direla, hirigunean adinekoei zuzendutako eskaintza handituz. Gainera, Aukeran programak saio solteak eskaintzen jarraituko du, nahi den eguna, ordutegia eta instalazioa erabateko malgutasunez aukeratzeko modua eskainiz; aurreko kanpainan 16.222 erreserba erregistratu ziren programa horren bidez, aurreko urtean baino % 12 gehiago.

Denboraldi osoan, Kirol Txartelaren harpidedunentzako doako jardueren egutegiari eutsiko dio Donostia Kirolak-ek, Gabonetan Non Stop, Kirolak Kalean eta Harpidedunaren Ordua bezalako proposamenekin. Azken horretan 6.015 pertsonek parte hartu zuten 2024/25 kanpainan.