Generalitateko presidentearen eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren arteko bilerak balio izan du kudeaketa-ereduak eta helburuak partekatzeko, hala nola, alokairua arautzea eta Euskadin eta Katalunian etxebizitza-eskaintza handitzea
Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidentea Alokabideren egoitzan izan da gaur, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarekin batera. Euskal etxebizitza arloko politiken bihotzean egin dute bilera. Generalitateko presidentearen eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren arteko bilerak balio izan du kudeaketa-ereduak eta helburuak partekatzeko, hala nola, alokairua arautzea eta Euskadin eta Katalunian etxebizitza-eskaintza handitzea.
Alokabidek, gaur egun, alokairu eskuragarriko 17.000 etxebizitza baino gehiago kudeatzen ditu, eta, horrez gain, Gaztelagun edo Etxebizitzagatiko Prestazio Ekonomikoa gisako prestazio-programak ere kudeatzen ditu. Programa horiek benetako irtenbideak eskaintzen dizkiete etxebizitza-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituztenei. Horrela, Euskadiko etxebizitza-politika publikoek 70.000 pertsona ingururi laguntzen diete.
Hazten eta eraldatzen ari den eredua
Bileran, Eusko Jaurlaritzak azaldu du nola ari den zabaltzen estrategia; lurzorua mobilizatzea, aurrekontu hedakorrak –535 milioi euro baino gehiago 2025ean– eta etxebizitza-parke publikoa modu iraunkorrean handitzeko lege-erreformak uztartzen ditu. Datozen hiru urteetan 7.000 etxebizitza berri eraikitzeko xedearekin batera, premiazko neurriak hartuko dira erdiko klaseei etxebizitza bat eskuratzeko aukera handitzeko, tentsionatutako eremuetako alokairuen prezioetan esku hartzeko eta lurzoruen mobilizazioa hobetuko duten akordioak eta etxebizitza publikoa eraikitzera bideratutako baliabide gehiago erakartzeko.
Politika horrek aldi berean eragiten du eskaintzan eta eskarian, eta Vienako eredua eta nazioarteko beste eredu batzuk ditu oinarri. Sistema publiko sendoak, denboran eutsita, frogatu du etxebizitza benetako palanka izan daitekeela gizarte-kohesioa eta egonkortasun ekonomikoa lortzeko.
Itxaso sailburuak azpimarratu duenez, “Eusko Jaurlaritzak apustu argia egin du etxebizitza lehentasun nagusietako bat bihurtzeko; horretarako, politika ausartak, anbizio handiko aurrekontuak eta administrazioen arteko lankidetza sustatzen ditu, etxebizitza-parke publikoa handitzea ahalbidetuta, hori baita gure herri-azpiegitura nagusia”. Eta azpimarratu duenez, “gainera, eskaria babestuta eta etxebizitza esleitzeko programak eta prozesuak egungo testuingurura egokituta egiten dugu, etxebizitza duina eta eskuragarria lortzeko arazoak aurkitzen baititugu hainbat gizarte-mailatan, eta horrek eragin handia du erdiko klaseetan”.
Agenda partekatua
Bisitan, bizitoki-arazoaren dimentsio ekonomiko eta sozialari buruzko diagnostiko komuna azaleratu da. Euskadi eta Kataluniaren arabera, beharrezkoak dira egiturazko neurriak, inbertsio iraunkorrak eta erakundeen arteko lankidetza etxebizitza izateko eskubidea egungo eta etorkizuneko belaunaldiei bermatzeko; izan ere, etxebizitza desberdintasun-faktore bihur daiteke, eta herritarren asmo profesionalak eta bizi-proiektuak zapuztu ditzake.
Ikuspegi partekatu horren froga da gaurko bilera, eta elkarrekin lanean jarraitzeko bide ematen du, etxebizitza ongizatearen eta gizarte-kohesioaren benetako zutabe bihurtuko duten irtenbideak eraikitzeko.