-
Perez Iglesiasek aurreratu duenez, Adimen Artifiziala Eusko Jaurlaritzak datozen lau urteetan sustatuko dituen bederatzi berrikuntza-itsasargietako bat izango da.
-
Sailburuak EHUko Adimen Artifizialaren eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedraren inaugurazioan parte hartu du.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek EHUko Adimen Artifizial eta Hizkuntzaren Teknologiako HiTZ Katedra inauguratzeko ekitaldian parte hartu du gaur goizean, Miramar Jauregian. Bere hitzaldian, sailburuak aurreratu du Adimen Artifiziala 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren ardatz estrategikoetako bat izango dela, «datozen lau urteetan sustatuko diren bederatzi berrikuntza-itsasargietako bat» izango baita.
EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak, Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu idazkariak, Katedrako zuzendari Aitor Soroak, Katedraren sustatzaile HiTZ zentroko kideek eta enpresa laguntzaileen ordezkariek ere parte hartu dute ekitaldian, eta sailburuak eskerrak eman dizkie egindako lanagatik eta emandako babesagatik.
Hitzaldian, Pérez Iglesiasek adimen artifizialaren eginkizun eraldatzaileari buruz hausnartu du, eta nabarmendu du HiTZ katedraren sorrerak «balio formatiboa edo teknologikoa izateaz gain, ezagutza modu zorrotz eta arduratsuan sozializatzen laguntzen duela». IAren eremuan kalitatezko zientzia sortzeko beharra nabarmendu du, ez bakarrik praktikan aplikatzeko, baita bere horretan ikertzeko ere, eta aitortu du «iraultza epistemologiko baten aurrean» gaudela, metodo zientifikoaren agerpenarekin aldera daitekeena.
Sailburuak adierazi duenez, adimen artifiziala izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Saila lantzen ari den hurrengo Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Planaren arlo estrategikoetako bat. Plan horretan, gizartean eta ekonomian eragin handiena duten ikerketa-ildoak lehenetsiko dira.
Era berean, hizkuntzaren teknologiak argitalpen zientifikoen itzulpen automatikoa bezalako arloetan duen potentziala aipatu du, ezagutzaren hedapena hizkuntza anitzetan erraztuz eta nazioarteko esparru akademikoan euskararen erabilera sustatuz.
Ildo horretan, HiTZ Katedra «gure unibertsitate publikoak hizkuntzaren teknologiaren arloan duen lidergoa indartuko duen eta EAE arlo horretako abangoardia teknologikoan kokatzen lagunduko duen» ekimena dela azpimarratu du.
Pérez Iglesiasek hausnarketa baikor batekin amaitu du bere hitzaldia, aurrerapen zientifikoak jarrera itxaropentsua eta arduratsua eskatzen duela gogoraraziz: «Adimen artifizialak aukera handiak eskaintzen dizkigu, baina baita erronka etiko, juridiko eta epistemologikoak ere, eta ezin ditugu alde batera utzi. Kontua ez da soilik teknologia bat aplikatzea, baizik eta ulertzea nola eraldatzen duen gure ezagutza sortzeko modua.