Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren (PEGA 2030) helburua da Euskadi gastronomia eta elikadurako erreferente gisa kokatzea, jasangarritasunaren, lehiakortasunaren eta ongizatearen oinarritik abiatuta.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren (PEGA 2030) esparruan enpresekin egindako kontraste-jardunaldian parte hartu du Bilbon.
Euskadiko elikaduraren balio-kateko berrogeita hamar bat enpresa adierazgarrik parte hartu dute bileran, eta PEGA 2030en edukia sektorearen beharrekin eta itxaropenekin alderatu ahal izan dute. Prozesu parte-hartzaile bidez ari da eraikitzen Plana, eta prozesu horrek entzute aktiboko faseak, merkatuko joeren analisia eta jarduteko ildo estrategikoen aurretiazko definizioa hartzen ditu barne.
PEGA 2030 egiteko prozesuak AZTI zentro teknologikoaren laguntza du. Zentro teknologikoa Eusko Jaurlaritzarekin batera ari da lanean diseinu metodologikoan eta lehentasunezko erronkak identifikatzen.
“Sektoreko eragile guztiekin sozializatzeko eta entzuteko prozesu honek PEGA 2030 Plana aberasteko balio du. Ekarpenak jasotzeko irekita dagoen dokumentua da, eta jasangarritasun, lehiakortasun eta ongizaterako hartutako konpromisoak betetzeko aukera emango du”, azpimarratu du Amaia Barredok.
Gobernantza publiko-pribatuko ereduaren alde egiten du Planak, irekia, aktiboa eta kolaboratiboa da, eta sektoreari eraldaketan laguntzeko eta Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialean duen zeregina indartzeko ahalmena du.
“Plan hau XIII. Legegintzaldiko konpromisoekin eta Eusko Jaurlaritzaren gobernu-programarekin bat datorren estrategiatik sortu da. Plan horren helburua izango da elikadura-katearen erronkak aztertzea eta haiei erantzutea; izan ere, kate hori Euskadiko BPGaren % 10,6 da, eta 133.000 lanpostu baino gehiago ditu Euskadin. Sektore hori hazi egin da 2020-2024 aldian: sektorearen Balio Erantsi Gordina % 30 handitu da, 2.400 enpresa aktibo baino gehiagotan (+ % 3,6), eta esportazioetan hazi da (% 10,8). ETEak dira nagusi sektorean, eta erresilientzia, berrikuntzarako gaitasuna eta nazioarteko proiekzioa erakutsi dute”, adierazi du Amaia Barredok.