Aitor Aldasoro sailburuordea: “lan egin dezagun euskara pertsona guztientzat topalekua izateko”

0
PRUEBA

Aitor Aldasoro Hizkuntza Politika sailburuordeak 2025/2026 ikasturteari hasiera eman dio Donostian

Donostian egin da gaur 2025/2026 ikasturte-hasierako ekitaldi akademikoa, euskaltegi, unibertsitate, administrazio eta erakundeetako ordezkariak bildu dituen ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, euskalduntzean eta alfabetatzean lan egiten duten irakasleak, ikertzaileak eta desgaitasuna duten pertsonen elkarteetako ordezkariak.

Aitor Aldasoro Hizkuntza Politika sailburuordeak nabarmendu du euskararen erabileran aurrera  egiteko ezinbestekoa dela hizkuntzaren ezagutza, eta euskaltegiak direla bide nagusia: “Erronka da euskarara jende berria erakartzea eta gure komunitate linguistikoan oraindik ez dauden kolektiboak hurbiltzea. Euskarak eguneroko harremanetan toki handiagoa behar du”.

Aldasorok Eusko Jaurlaritzak abian jarritako neurri zehatzak gogorarazi ditu: doakotasun-politika; egiaztatze inklusiboa; desgaitasunen bat duten pertsonek beren beharretara egokitutako azterketak egin ditzakete; teknologia berriak; metodologia malguak: euskaltegiekin elkarlanean, ordutegi eta formula berriak eskaintzen ari dira.

Sailburuordeak euskaltegien eta mundu akademikoaren zeregina azpimarratu du: “Zuen lana ez da soilik hizkuntza irakastea. Euskararen bidez etorkizuneko gizartea eraikitzen ari zarete. Eta gizarte hori anitza da: desgaitasuna duten pertsonak barne hartu behar ditu, euskara aukera eta lagun izan dezaten”.

Ekitaldian, gainera, Naiara Berasategi irakasleak hitzaldia eman du pedagogia inklusiboari buruz, eta ondoren solasaldia egin da euskaltegi eta elkarteen artean, esperientziak eta erronkak partekatzeko.

Amaitzeko, sailburuordeak gonbidapena luzatu du ikasturte berrirako: “Lan egin dezagun euskara pertsona guztientzat topalekua izan dadin. Besarkatu dezagun euskara, gure aniztasuna batzen duen hizkuntza”.