- Familiako Medikuntzako, Pediatriako, Psikiatriako eta Haur Psikiatriako 169 profesionalak beren lanpostu berrietan sartzen ari dira hilabete honetan
- Urte honen amaieran, Euskal Osasun Zerbitzuak beste EPE bat deitzea du helburu, 4.000 plaza baino gehiagorekin, plantilla egonkortzen jarraitzeko
Osakidetzak dagoeneko esleitu ditu Lehen Mailako Arretan Betetzeko Zailak diren Lanpostuen EPEko plazak, ahalik eta egonkortasunik handiena bermatzeko profesional medikoen betetzeko zailak diren plazak dituzten osasun-zentro eta kontsultategietan. Hautaketa-prozesu horren bidez (Osakidetzak egiten duen ezaugarri horietako lehenengoa), gainera, herritarrei estaldura asistentzial handiagoa bermatu nahi zaie Euskadiko eremu guztietan, berdin hirigunean zein landa-eremuan bizi.
Azkenik, 169 plaza eskaini dira hautaketa-prozesu honetan. Horietatik 130 Familiako Medikuntzakoak, 21 Pediatriakoak, 12 Ospitalez Kanpoko Psikiatriakoak eta 6 Ospitalez Kanpoko Haur Psikiatriakoak. Psikiatriako kategorian esleipena oraindik ez da argitaratu, baina gainerako plazak esleituta daude – Haur Psikiatriako bi plaza izan ezik –, eta, beraz, hilabete honetan zehar, langileek lanpostuaz jabetzeari eta lanpostu berrietan sartzeari ekingo diote. Lurraldeka, Bizkaian 100 plaza eskaini dira, Gipuzkoan 35 eta Araban 34. Lurralde bakoitzean deitutako plaza-kopurua bat dator ESI bakoitzak aurrez hautemandako eta «betetzeko zailak» diren plaza-kopuruaren irizpidearekin, eta “betetzeko zailak” diren plazak definitzen dituen ezaugarrien arabera.
Betetzen zailak diren lanpostu espezifikoak kontratatzea da Osasun Sailak eta Osakidetzak legegintzaldi honetarako duten lehentasun handienetako bat. Betetzeko zailak diren lanpostutzat hartzen dira, batez ere, hiriguneetako osasun-zentroetako arratsaldeko lanaldiei dagozkienak, bai eta urrutien dauden landa-eremuetako kontsultategietako lanpostuak ere.
Gainera, betetzeko zailak diren lanpostu horietara eta antzeko beste lanpostu batzuetara (arratsaldeko txandak, EAG, kontsultategiak) sartzen diren profesional medikoek pizgarriak jasoko dituzte, lanpostu horietan jarraitzen dutela bermatzeko eta lanpostu horiek hutsik gera ez daitezen.
PLANTILLAREN EGONKORTZEAN AURRERA EGITEA
Osakidetzak aurten amaitutako hautaketa-prozesu nagusietako bat izan da Lehen Mailako Arretan Betetzeko Zailak diren Lanpostuen EPEa. 20-21-22eko EPEarekin Egonkortzeko EPEarekin batera, guztira 7.642 lanpostu eskaini dira. Hori guztia, ahalik eta plantilla egonkorrena lortzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko. Une honetan, 20-21-22ko EPEa eta Egonkortzeko EPEa amaituta daude, nahiz eta, plazak esleitu arren, profesionalak sartu ez diren plazak berriz esleitzeko prozesuan egon.
Gainera, urtearen amaieran, Osasun Sailak eta Osakidetzak beste ohiko EPE berri bat deitzea dute helburu, 2023, 2024 eta 2025ekoa, eta guztira 4.000 lanpostu eskainiko dira. Azterketak 2026an egingo dira, eta EPEaren eredu berria aplikatuko da. Eredu horren oinarriak mahai sektorialean negoziatzen ari dira, Osakidetzako hautaketa- eta hornidura-prozesuak arintzeko helburuarekin.