Lehendakariak eta Illa Presidenteak Kataluniaren eta Euskadiren arteko harreman onak eta elkarlana nabarmendu dituzte

0
PRUEBA

Ajuria Enean egindako bileran, EBn hizkuntzen ofizialtasuna, migrazioaren kudeaketa, administrazioaren modernizazioa, etxebizitza-politika eta gizarte-ekonomiaren sustapena izan dituzte hizpide

Imanol Pradales Lehendakariak Salvador Illa Kataluniako Presidentearen bisita jaso du ostiral honetan Ajuria Enea Jauregian. Hala, Pradales Lehendakariak Generalitateko Jauregira urtarrilaren 23an egindako bisitari erantzun dio Illak.

Urte hasieran jorratu zituzten hainbat gai izan dituzte mintzagai, hala nola, euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasuna Europako erakundeetan. Bi presidenteek hizkuntza ofizialak Bruselan entzun eta erabil daitezen lortzeko konpromisoa berretsi dute. Pradalesek eta Illak, zentzu horretan, lankidetza-esparruari eutsiko diote helburu hori lortu arte.

Gainera, biek partekatu dituzte agenda politiko eta sozialaren funtsezko gaiak, hala nola migrazioaren kudeaketa, administrazio publikoaren erreforma eta modernizazioa, etxebizitza-politika edo ekonomia sozialaren sustapena.

Euskadik eta Kataluniak industria, energia edo berrikuntzako proiektu ekonomiko partekatuetan parte hartzen dute. Esate baterako, ‘Japan Region-to-Region Innovation Cooperation Project’ proiektu europarrean elkarrekin parte hartzen dute lankidetza-politikei buruzko ezagutza transferitzen; eta ‘Pyrenees4Clima’ proiektuan, klima-aldaketara egokitzeko neurrien bidez Pirinioetako erresilientzia handitzea helburu duena. Illak eta Pradalesek superkonputazioaren esparruan elkarlanean jarraitzeko interesa ere agerian utzi dute, bi lurraldeak punta-puntako proiektuen buru baitira.

Azkenik, Imanol Pradalesek eta Salvador Illak bilera bera nabarmendu nahi izan dute, hori baita, bien ustez, Katalunia eta Euskadi elkarrekin eraikitzen ari diren harreman onaren eta elkarlanaren adibiderik onena.