
Osakidetzako Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko kanpo-kontsulten eraikin berria eraikitzeko lanak urrian hasiko dira, ospitale-esparrua egokitzeko lanekin, proiektua gauzatu aurretik. Lehenengo fase horri esker, eguneroko asistentzia-jarduera eta obraren garapena bateragarri egingo dira, eta osasun-inguruneko afekzioak albait gutxien izango dira.
Eraikina eraikiko da gaur egun langileen aparkalekuak eta EHUko Medikuntza Fakultatearen eraikin zaharraren zati batek hartzen duten lekuan. 135 milioi euroko inbertsioa dela eta 36 hilabeteko egikaritze-epea dagoela, 38.000 m² izango ditu, bloke bitan banatuta. Blokeetan 175 kontsulta inguru egongo dira, eta gainera tratamendu-gelak, probak eta prozedurak, erradiologia anbulatorioko eremua eta Farmazia-zerbitzua.
Hala jakinarazi du gaur goizean Basurtun Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, aurkezpenean lagun izan dituela Lore Bilbao Osakidetzako Zuzendari Nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea eta Jesús Larrañaga Bilbo-Basurtuko ESIko gerentea. Ospitaleko kanpo-kontsulten eraikin berria egongo den guneak bisitatu dituzte. Eraikuntza fase batzuetan egingo da. Lehenengo hori urrian hasiko da, eta ospitale-esparrua egokitzeko obrak egingo dira, obrak ospitalearen funtzionamenduarekin bateragarri egiteko. Martinezek bisitan azpimarratu duenez, «jarduketa horrek indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak herritarren ongizatearen alde egiten duen apustua, osasun-sistema sendo, moderno eta eskuragarriago baten bidez«.
Arreta eta irisgarritasuna hobetzea
Ekipamendu berri hori aurrerapen nabarmena da ospitale-azpiegituren modernizazioan, eta hauek ahalbidetuko ditu:
- Asistentzia-espazioak zabaltzea eta berrantolatzea.
- Paziente anbulatorioentzako zirkuitu independenteak indartzea.
- Diziplina askotariko eta bereizmen handiko arretan oinarritutako eredua bultzatzea.
- Ingurune seguruagoa, irisgarriagoa eta pazienteei zein langileei egokitua sortzea..
Osasun Sailburuak adierazi zuenez, «azpiegitura berriak beharrezko espazioa izango du eskaera gero eta handiagoari aurre egiteko, eta horrela erantzuteko prestazio berriei, diziplina askotariko heltzeko eran oinarritutako asistentzia-antolamenduko eredu berri bati, asistentzia-profil berriei eta bereizmen handiko kontsultei; eta azpiegiturak eta ekipamenduak hobetuko ditu, ingurune seguruagoa eta irisgarriagoa sorturik, bai herritarrentzat, bai profesionalentzat«. Horrekin, Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun-sistema hobetzeko estrategia indartu dute, azpiegitura berrietan inbertiturik, herritarrei arreta eskuragarriagoa, eraginkorragoa eta kalitatezkoagoa eskaintzearren.
Obrek irauten duten bitartean izango dituen eraginak eta sarbideak
Lanak dauden bitartean antolaketa-neurri bereziak aplikatuko dira:
- Sarbideak: Kaputxinoen egungo sarrera itxiko da (Gurtubay kalea), eta erabiltzaileentzako sarbide alternatiboak egokituko dira Gurtubay kaleko izkinatik (Arrupe) eta Montevideo etorbideko sarreratik. Gainera, lanean dabiltza langileentzako sarrera esklusiboa gaitzeko.
- Trafikoa: Ospitaleko sarbidea une guztietan bermatuko da, baina barruan aparkatzea debekatuko. Ospitalea inguratzen duen egungo erreia, noranzko bakarrekoa, itxi egingo da, eta, beraz, gune batzuk noranzko bikoitzeko bide bihurtuko dira. Horrek, barrutiaren barruan aparkatzeko debekua ez ezik, oinezkoentzako aldaketak ere ekarriko ditu, baita zenbait instalazio birkokatzea ere, hala zelan edukiontziak eta taxi-geltokia esparrutik kanpo eroatea.
- Aparkalekua: eraikin berria gaur egun langileentzako aparkalekua dagoen lekuan kokatuko da, eta, beraz, desagertu egingo da. Horregatik, Bilbo-Basurtuko ESIa akordio batera heldu da Intermodal Bilbao SL sozietatearekin, erakundeko langileei aparkatzeko zerbitzua eskaintzeko obrek irauten duten bitartean. Era berean, gogorarazi gura dugu ospitalea oso inguru irisgarrian dagoela, eta konexio batzuk dituela garraio publikoko sistemekin (aldiriak, Feve, tranbia, autobus geltoki intermodala eta Metro Bilbao). Azken horrek lotura zuzena du Ansio, Leioa, Etxebarri eta Ibarbengoa geralekuetako disuasio-aparkalekuekin.
Inbertsioa lehen mailako arretan
Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko azpiegitura berria errealitate bihurtuko da hiru urteren buruan, eta osasun-azpiegiturak hobetzearen aldeko apustuari gehitu behar zaio, baita lehen mailako arretan ere. Bilbon, gainera, Osakidetzak Boluetako osasun-zentroa berrituko du. Ekipamendu berriak, non Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 9 milioi euro baino gehiago inbertituko dituen, gaur egungoa baino hiru bider azalera handiagoa hartuko du, eta zerbitzu berriak hartuko dituzten sei solairu izango ditu, hala zelan gune esklusibo bat pediatriarentzat eta erditzea prestatzeko gune bat. Eraikinak ia ez du energia-kontsumorik edukiko aerotermia-sistemei eta panel fotovoltaikoei esker, eta horrek proiektu jasangarri eta ingurumena errespetatzen duen proiektu bihurtzen du.
Basurtuko kanpo-kontsulten eraikin berria eraikitzeko obren hasierak eta Boluetako etorkizuneko osasun-zentro berriak mugarria ezarri dute Osakidetzak osasun-prestazioa hobetzeko eta erakunde sanitario integratuen azpiegiturak modernizatzeko egin duen apustuan (lehen mailako arreta eta ospitale-arreta). Jarduketa biek azpiegitura hobeak emango dizkiete Bilboko herritarrei, bat etorrita Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 2030erako Osasun Planaren jasangarritasun- eta energia-eraginkortasuneko helburuekin.