Gobernu Kontseiluak Jon Gurutz Gomez Goikolea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusi izendatzea onartu du gaur. Goikoleak, Informazio Zientzietan lizentziatua, ibilbide profesional luzea du eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila ondo ezagutzen du. Juan Mari Atutxa sailburu zela Goikolea prentsa eta komunikazio aholkulari eta Herrizaingo Saileko Sailburuaren Kabineteko buru izan zen 1992 eta 1998 bitartean. Hamaika urtez Presidentearen Kabineteko buru ere izan zen Eusko Legebiltzarrean, eta, 2009 eta 2024 artean, Europako Parlamentuko aholkulari izan da.
Goikolea arduratuko da Arkauteko Akademiako zuzendaritza nagusiaz, eta Olga Fernandino izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria. Goikolea eta Fernandino arduratuko dira Akademiaren hezkuntza-eredu berria gauzatzeaz. Besteak beste, aurrerantzean ikasleek gaua berriro Arkauten igaro beharko dute beraien prestakuntzak irauten duen bitartean eta Arkanpus plataforma digitalaren bidez online heziketa eredua ere garatuko da.