Osakidetzak 48 urtera arte zabalduko du bularretako minbiziaren galbahea

0
PRUEBA

Gaur goizean Imanol Pradales Lehendakariak azaldu duenez, bularretako minbiziaren aurka borratzeko programaren galbahea Euskadiko 48 eta 69 urte arteko emakume guztietara zabalduko da; hortaz, bi urte jaitsiko da parte hartzeko adina (gaur egun, lehenengo proba 50 urterekin egiten da) “minbizia prebenitzea eta tratatzea gure lehentasuna da”, gaineratu du. Biztanleriaren galbahea egiteko programa honi esker, non jomuga den biztanleriaren % 80k parte hartzen baitu eta bularretako minbiziaren aurka borrokatzeko tratamendu pertsonalizatuak eskaintzen baitira, 5 urtean, gaixoen % 88 tumore mota honi aurre egin eta bizirik ateratzen da; ondorioz, emaitza klinikoak hobetu eta gaixoen bizi kalitatea hobetzea lortzen da.

Lehendakariak adierazpen horiek egin ditu Euskadin minbizia tratatzeko Protonterapia Unitate berria jasoko duen erakin berriaren obretara egindako bisitan, Donostia Ospitalea osasun gunean, Alberto Martínez Osasun sailburuak eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari orokorrak lagunduta; era berean, Lehendakariak herri lehentasun estrategikotzat jo du minbiziaren aurkako borroka.

Imanol Pradalesek gaixotasun honi aurre egiteko estrategia lau zutabe nagusi hauen gainean eraiki du: prebentzioa, arreta, ikerketa eta nazioartekotzea.

Zentzu horretan, “konfiantza mezua” zabaldu nahi izan du une honetan minbizi mota honi erantzuteko garatzen ari diren aurrerapen teknologikoei eta tratamenduei buruz; era berean, bere esker ona adierazi die Euskal Osasun Zerbitzuko langileei, daukaten “enpatiarengatik eta humanitatearengatik”. Ildo beretik, “bere besarkada eta babesa” helarazi die gaixotasun honi aurre egiten ari diren herritarrei eta beren senitartekoei.

Alberto Martínezek, berriz, Euskadik osasun sistema indartsua duela nabarmendu du, bai eta gaixoen beharrei ikuspegi oso batetik erantzuten diela ere, eskura dituelarik prebentziorako estrategiak, diagnostiko goiztiarrerako programak eta aurrerapen terapeutikoak, horrela, tratamenduen kaltea murrizteko, bizirik ateratzen direnen ehunekoa handitzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko. Sailburuaren ahotan, Euskadik osasun sistema publiko indartsua du, minbiziaren desafioari osotasunez erantzuteko modukoa: aurrez ikusiz, diagnostiko goiztiarrak eginez eta aukera terapeutiko aurreratuak eskainiz, adibidez, protonterapia edo CAR-T terapia zelularrak. “Gure sistema indartsua da, berritzailea eta Europako onkologiaren abangoardian dago; gainera, hurbila, zehatza eta humanoa ere bada”, adierazi du.

Horrela, minbiziaren galbaheko Osakidetzaren programak minbiziaren hilkortasuna prebenitzeko eta murrizteko funtsezko tresna direla aipatu du. “Bizirik ateratzen direnen zenbakiak hobetu egin ditugu eta gaixotasun honek biztanleriari eragiten dion zama arintzea lortu dugu. Galbahe politikari esker, goiz atzeman dezakegu gaixotasuna eta heldu gazteen artean hilkortasuna jaistea lortu dugu”, azaldu du.

 

Inbertsioa berrikuntzan eta humanismoan

Zehazki, minbiziaren galbahe-programak 2,5 milioi behaketa baino gehiago egin ditu 1995etik eta 13.000 milioi inguru tumore atzeman ahal izan dira, kasu guztien % 84 tratamendu kontserbadore baten bidez kudeatu daiteke. 2024. urtean, 715 minbizia kasu atzeman dira, gehienak oso goiztiarrak dira eta pronostiko ona dute, bai 50 eta 69 urte arteko emakumeen artean, bai lehen mailako bularreko minbizia duten senitartekoak dituzten 40 eta 49 urteko emakumeen artean. Emaitza horiek kontuan hartuta eta eskura dauden datuen argitan −emakumeen artean zabalduen dagoen minbizia mota da−, honako erabaki hau hartu da: aurrekaririk gabeko emakumeen kasuan 48 urtera arte jaistea lehen galbahearen adina. Prebentzioko eta detekzio goiztiarreko politikak indartzea da erabaki honen xedea.

Protonterapia Unitate berria instalazio mediko espezializatua eta abangoardiakoa da, espresuki diseinatua tratamendu onkologiko aurreratuak eskaintzeko, 2027an hartuko du lehenengo gaixoa, eta onkologiaren arloan puntako gunea izango da Euskadirako eta Europarako, eremu hauetako herritarrak artatzeko: Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa, Iparraldea, Errioxa eta Burgos eta Soria probintziak (Gaztela eta Leon). Lehendakariak nabarmendu duenez, etorkizuneko osasun gunea garrantzitsua izango da Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzuaren barruan eta “erreferentzia bat izango da Europa hegoaldean”.

 

Euskadi aitzindaria protonterapian

Espainiako Estatuaren barruan, Protonterapia Unitate bat abian jartzen duen lehenengo autonomia erkidegoetako bat izango da Euskadi, eta Donostia Unibertsitate Ospitalea tratamendu onkologiko aurreratu hau eskaintzen duen lehenengo zentro publikoetako bat izango da.

Tratamenduaren zehaztasunari esker, nabarmen murrizten dira gaixoen arriskuak, horixe da protoien teknologiaren ezaugarri adierazgarriena, radiazioa gune zehatzagoan egin baitaiteke, horrela, radioterapia dosia hobeto banatu ahal da, eta kontrako eraginak eta berriz gaixotzen direnen kasuak murriztu egiten dira. “Zehaztasun gorena duen abangoardiako teknika bat txertatu dugu, abantaila asko ditu, bereziki, neska-mutikoen tratamenduari begira eta nerabeei begira, osasuntsu dagoen geruza gutxiago kaltetzen baitu”, zehaztu du Lehendakariak. Protonterapia espresuki gomendatzen da onkologia pediatrikoko kasuetarako. Hori horrela, Donostia Unibertsitateko Protonterapia Unitateak haurrak eta adingabeak artatzeko gune berezia izango du, bai eta haur jolasak izango dituen itxarongela bat ere.

Eraikin berri honetarako, guztira, 52 milioi euroko inbertsioa bideratuko du Eusko Jaurlaritzak, Amancio Ortega Fundazioarekin lortutako lankidetza publiko-pribatuaren uzta da, eta obra honen ardatz nagusia tratamendua aplikatzeko azeleragailu lineal bati aterpea eskainiko dioen gunea izango da. Lore Bilbao Osakidetzaren zuzendari nagusiak zehaztu duenez, eraikinaren gainerakoa lau solairutan banatuko da, bi altueran, eta beste bi sestra azpian, konsultak, diagnostikoak eta planifikazioa kudeatzeko; horretaz gain, gaixoak prestatzeko eta langileek lan egiteko guneak ere izango dira bertan. Ildo beretik, diseinu arkitektonikoak zaintza espazioak humanizatzeko helburua duela aipatu du, ardatz hartuta gaixoen esperientzia, eremu atseginak eta lasaiak eskaintzeko, argi naturala sartzeko moduan, material beroen bidez, bai eta elementu biofilikoen bidez ere. “Berrikuntza teknologikoarekin batera zaintzarako guneak humanizatu dira, gaixorik dauden neska-mutikoen eta helduen egonaldia hobetzeko, efikazia eta zehaztasun terapeutikoa kontuan hartzeaz gain, gaixoaren ongizatea ere zaintzeko”, azaldu du Bilbaok.

 

Terapia berri aurreratuak

Onkologiaren aldeko Euskadiren apustuak abangoardiako terapiak ere hartzen ditu kontuan, adibidez, CAR-T, zeinak gaixoen sistema inmunitarioan bertan zelulak alda baititzakeen, tumore hematologiko jakin batzuei erantzuteko. Terapia hauek, protonterapiarekin eta medikuntza aurreratuarekin batera, euskal osasun sistema publikoa ezagutzaren gailurrean kokatzen dute, eta berrikuntza biomedikoa eta zaintza hurbila uztartzen dituzte.

Gainera, Onkologikoa Osakidetzan integratzeak, etorkizuneko Protonterapia Unitatearekin batera, Gipuzkoa eta Euskadi onkologiako erreferentzia-zentro nagusi gisa sendotzea ahalbidetuko du, eta horrek eragin positibo nabarmena izango du euskal gizartean.

“Euskadiren osasun ikerketaren ildo nagusia onkologiaren inguruan ardazten da, horixe baita hiltzeko arrazoi nagusia. Une honetan onkologian 140 ikerketa egitasmo ditugu. Horietako hamahiru erreferentziazkoak dira nazioartean, eta bost aitzindariak dira”, adierazi du Lehendakariak; era berean, aurreratu du “entsegu eta egitasmoetarako plataforma berri bakarra abian ipiniko dutela, edozein gaixok eskura dauden entseguak erabili ahal izateko”. “Aukerez eta itxaropenaz ari gara.  Botiketara eta estrategia berritzaileetara sarbide ekitatiboagoa bultzatzeaz dihardugu”, azpimarratu du Pradalesek.

Bukatzeko, Pradalesek Osakidetzaren lana nabarmendu du, ikerketa, asistentzia klinikoa, prebentzioa eta prestakuntza elkartzen dituzten azpiegiturak bultzatzeko erreferentziazko polo gisa. “Europar Batasunak Euskadi hautatu du minbiziaren aurka borrokatzeko bikaintasuneko guneak sortzeko lantaldeko kide izateko. Horri esker, aurrerapenak partekatu ahalko ditugu puntako herrialdeekin, bikaintasunean, ekitatean eta berrikuntzan oinarritutako osasun eredu bat finkatzeko”, ziurtatu du.