Euskadiko suteen aurkako helikopteroak 25 esku-hartze egin zituen bere lehen urtean

0
PRUEBA
  • Aireontzia Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek finantzatu dute, eta Nafarroako eta Gaztela eta Leonen piztutako baso-suteak itzaltzeko zereginetan ere lagundu du.

2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra arte, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru-aldundiek izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren ondorioz eskuratutako Euskadiko suteen aurkako helikopteroak 25 esku-hartze egin ditu baso-suteak itzaltzeko zereginetan (guztiak EAEko hiru lurraldeetan, Nafarroan eta Gaztela eta Leonen).

Zehazki, jarduketa horietako 13 EAEn egin ziren (6 Bizkaian, 5 Araban eta 2 Gipuzkoan), eta beste 12 EAEtik kanpo, guztiak abuztuan: hilaren 10ean eta 11n Zarrakaztelun (Nafarroa), hilaren 15etik 23ra bitarte Gaztela eta Leonen (batez ere Europako mendietan eta Palentziako mendietan), eta hilaren 26an Oñan (Burgos).

Adierazitako suteak itzaltzeko zereginetan egindako ordu kopuruari dagokionez, aireontziak 88 hegaldi-ordu inguru kontabilizatu zituen. Haietatik, 66 baino gehixeago autonomia-erkidego mugakideei laguntzeko egin ziren (11,5 Nafarroan eta 55 Gaztela eta Leonen), eta 21 EAEn: Araban 5 ordu (erabilerarik handieneko eguna 2025/07/08a izan zen, eta 2,5 ordu izan ziren, Larrazubiko eta Elvillarko suteetan), Bizkaian 11 ordu (erabilerarik handieneko eguna 2025/04/10a izan zen, eta 3,4 ordu izan ziren, Balgerri eta Iurretako suteetan), eta Gipuzkoan 5 ordu (erabilerarik handieneko eguna 2025/03/20a izan zen, eta 3,3 ordu izan ziren, Pasaiako sutean).

Azpimarratu beharra dago helikopteroa 81 aldiz mobilizatu zela entrenamendu moduan, eta 92,3 hegaldi-ordu izan ziren guztira.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak (LAEMZ) emandako datuen arabera, aldi horretan 89 baso-sute erregistratu ziren Araban, 243 Bizkaian, 145 Gipuzkoan eta 15 EAEtik kanpo.

Gogorarazi beharra dago Euskadi horrelako helikoptero batez hornitzeko erakunde arteko ekimena klima-aldaketaren gero eta intzidentzia handiagoari eta muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasunaren gorakadari erantzuteko sortu zela, eta fenomeno horietako batzuek (hala nola iraupen luzeko tenperatura altuek) baso-suteen arriskua areagotzen dutela.

Tresna berri hori eskuragarri egoteak suteak itzaltzeko lanak errazten ditu. Izan ere, haren ezaugarriak direla eta, larrialdi-taldeak lurretik irisgarriak ez diren lekuetara irits daitezke, eta erantzuteko denbora murriztu daiteke.

Basque Segurtasun Foroa-Araba

Basque Segurtasun Foroak ikuspegi integral batetik aztertzen du segurtasunaren kontzeptua, besteak beste larrialdiak barnean hartzen dituena. Hori izango da bihar Basque Segurtasun Foroaren lehenengo lurralde-bileran aztertuko diren gaietako bat. Gasteizen egingo da, Artium Museoan, 9:30etik aurrera, eta Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriak eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek hartuko dute parte. Topaketan, gizarteko hainbat ordezkari izango dira, eta Euskadiko segurtasunari eta etorkizuneko erronkei buruz duten ikuspuntua azalduko dute. Biharko bileran, besteak beste, Arabako Batzar Nagusietako ordezkariek, EUDEL, Ertzaintza, Osakidetza, Arabako Probintzia Auzitegia, UAGA, AMRA, Babes Zibila, Gurutze Gorria, Mercedes Benz, Arabako Txirrindularitza Federazioa, Arabako Teknologia Parkea, Baskonia edo Alavés-eko ordezkariek parte hartuko dute.