- Podcast hau kalitate demokratikoa hobetzeko Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Irekiaren estrategiaren baitan kokatzen da
- «El Orden Mundial- No es el fin del Mundo» -ren eskutik, podcasta urriaren 2an, osteguna, eskainiko da Tabakalerako prisma espazioan 18:30etik 19:30era
Euskadik urteak daramatza Gobernu Irekiaren arloan lanean, erakunde zuzenago, gardenago eta parte-hartzaileagoak sustatzeko.
Aurten, OGP Euskadi erakunde arteko hirugarren plana garatu da, Gobernu Irekian eta kalitate demokratikoan aurrera egiten jarraitzeko helburuarekin. Izan ere, egungo testuinguruan, balio komunitarioak eta balio demokratikoak arriskuan daude eta demokraziak mehatxatzen dituzten erronka eta korronteak ugaritzen ari dira: populismoaren gorakada, autoritarismoa, polarizazio politikoa, desafekzioa, desinformazioa eta potentzia berriek oreka geopolitiko globalean duten eragina.
Zentzu horretan, OGP Euskadi 2025-2028 erakunde arteko Plan berriaren eta urriaren 7tik 9ra Euskadin egingo den Nazioarteko OGP Goi Bileraren baitan, “No es el fin del mundo” podcast-a egingo da Donostian, demokrazien krisiaren inguruan hausnartzeko.
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak ekitaldi honen antolakuntzan parte hartu du, herritarrak hausnartzera gonbidatzeko, demokrazien krisiak erakundeei ez ezik, gizarte osoari eragiten diolako.
Espazio ireki horretan, egungo eredu demokratikoa eta haren ezaugarriak aztertuko dira, baita, egungo testuinguruan demokraziek irauteko zein behar eta erronkei egin behar dieten aurre ere.
Podcasta, informazioa ematetik harago doa; balio demokratikoak eta gobernu onaren balioak indartzea du helburu; herritartasun aktiboagoa, informatuagoa, kritikoagoa eta erronka globalen aurrean kontzienteagoa sustatzeko, eta helburu hori guztiz bat dator Kalitate Demokratikoa hobetzeko Eusko Jaurlaritzaren agenda eta estrategiarekin.
Podcasta urriaren 2an, osteguna, izango da Tabakalerako prisma gunean arratsaldeko 18:30etatik 19:30etara eta aldez aurretik izena eman beharko da esteka honetan. Irekian ere zuzenean jarraitu ahal izango da, eta, ondoren, Irekian eta «No es el fin del mundo»-ko sareetan egongo da eskuragarri.