Torres Lehendakariordeak 7 milioi euroko inbertsioa iragarri du Euskadiko enplegu eta tokiko garapen planetarako

0
PRUEBA
  • Estrategia berriak udal eskumena aitortzen du enplegu politiketan, eta indartu egiten du erakundeen arteko lankidetza, enplegu politika aktiboen integrazioa bultzatuz eta tokiko gizarte kohesio eta garapen ekonomiko handiagoaren oinarriak ezarriz

Mikel Torres Lehendakariordealk eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak gaur, asteartea, iragarri du 7 milioi euroko inbertsioa egingo dela 2026ra arte Euskadin enplegu eta tokiko garapeneko lehen planak abian jartzeko. Arabako Parke Teknologikoan egindako ekitaldian nabarmendu duenez, ekimen aitzindari horrek lehen aldiz aitortzen du udalerriek enpleguaren arloan duten eskumena, eta politika publikoak benetako beharrekin lerrokatzea du helburu.

“Lurraldeari protagonismo handia ematen zaio, zalantzarik gabe, lurralde plangintza Enpleguaren Euskal Estrategiatik abiatuta egituratuz. Estrategia horrekin bat etorri beharko du nahitaez, lurraldera hurbiltzeak ezin baitu enplegu politiken zatiketa ekarri. Hori dela eta, beharrezkoa da erakunde maila guztien plangintza helburu komunetan txertatzea”, adierazi du.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak enplegu eta tokiko garapeneko plan berriak egiteko prozesuari ekin dio, Enpleguari buruzko 15/2023 Legea betez. Lege horrek berezko eskumenak ematen dizkie udalerriei enplegu politika aktiboak diseinatzeko eta gauzatzeko, inklusioa eta laneratzea, eta tokiko garapen ekonomikoa sustatuz.

Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu du enplegu plan horien azken helburua dela “lurraldearen garapen ekonomikoa, lan duina eta gizarte kohesioa bultzatzea, bai eta lurraldeen eta gizartearen arteko desorekak gainditzea ere”. Plan horietarako aurreikusitako finantzaketa 1,56 milioi eurokoa izango da 2025ean, eta 5,47 milioikoa 2026an, eredu iragankor batean, harik eta Finantzen Euskal Kontseiluak kontzeptu hori udalen eskumen gisa esleitu arte.

Lehendakariordeak gonbidapena luzatu die parte hartu duten erakundeei: “Bide hori elkarrekin egitea, esperientziak partekatzea, berritzea, plan pilotuei ahalik eta etekin handiena ateratzea eta elkarrekin gure garaiko erronkei erantzungo dien tokiko enplegu eredu bat eraikitzea”. “Batera, modu kritikoan eta elkarlanean ikasteko” balio behar dute plan horiek, “legeak enplegu politika aktiboei ematen dien helburua gauzatzeko: lan duina izateko eskubidea”, adierazi du.

Zentzu horretan, Torresek gogorarazi du azken helburua dela “kuantitatiboki eta kualitatiboki enplegu gehiago sortzea, eskubide gehiago dituen enplegua sortzea eta kolektibo ahulenetako gizonak eta emakumeak integratzeko gai izatea”, eta gure garaiko erronkei erantzungo dien tokiko enplegu eredu bat elkarrekin eraikitzea.

Fase pilotua

Estrategiak fase pilotu bat aurreikusten du 2025ean. Fase horretan, Euskadiko hogei toki erakundek hartzen dute parte, lurralde aniztasunagatik eta langabezia tasengatik hautatuak. Horien artean daude hiru foru aldundiak, Eudel, EAEko hiru hiriburuak, tamaina txikiagoko udalerriak  –hala nola, Amurrio, Barakaldo, Sestao, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Irun, , Pasaia, Oiartzun eta Lezo–, eta udalez gaindiko elkarteak –hala nola, Arabako Lautadako Kuadrilla eta Durangaldeko eta Oarsoaldeako mankomunitateak–.

Plan pilotuak egiteko prozesuak barne hartzen ditu lurralde bakoitzeko egoera sozioekonomikoaren eta enpleguaren diagnostiko xehatua, lehentasunezko helburu eta ekintzen definizioa, eta jarraipen eta ebaluazio mekanismoen plangintza. 2025erako aurreikusitako inbertsioa 1,56 milioi eurotik gorakoa da. 2026an, plan horiek ezarri eta garatuko dira.

Hedapen orokorra

2026tik aurrera, aurreikuspena da enplegu eta tokiko garapeneko planak toki erakunde guztietara hedatzea a, 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten eta plan horietako bat izateko betebeharrik ez duten erakundeetara ere bai, udalerri eta eskualde bakoitzaren erronkei egokitutako kalitatezko enplegua bermatzeko helburuarekin.