Javier Hurtado sailburua: «Bizitegi-helburuarekin eraikitako eraikin batek helburu horri eutsi behar dio»

0
PRUEBA

Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Herri Irratiko EgunOn Bizkaia saioan Koldo Campo eta Beñat Gutiérrez kazetariek.

Elkarrizketan turismo arloan lortutako emaitza onak nabarmendu ditu, bisitarien kopurua % 5 hazi baita urtarriletik uztailera; hazkunde handiena udatik kanpo izan da (% 5,8) eta udan % 2 ingurukoa baino ez da izan. Sailburuaren hitzetan, “hau ez da lasterketa inkrementalista bat, hazteko modua da garrantzitsua. Desestazionalizazio-estrategiaren, fluxu-mugimenduaren eta jasangarritasunaren alde egiten dugu, eta hori da gure bereizgarria.

Sailburuak nabarmendu du nazioarteko turismoa sektorearen motor gisa sendotzen jarraitzen duela; % 6,7 hazi da Euskadin, eta % 3 estatuan. Hirugarren hilabetez jarraian, Euskadik nazioarteko bisitari gehiago jaso ditu nazionalak baino, eta joera hori 2023ko eta 2024ko udetan ere gertatu zen.

“Egonaldi luzeko nazioarteko turistak erakartzeko lan egiten dugu, desestazionalizazioa sustatzen duelako, bisitak luzatzen dituelako, lurraldean fluxuak dibertsifikatzen dituelako eta gastua handitzen duelako”, azpimarratu du sailburuak.

Egonaldi turistikoen gaineko zergari dagokionez, sailburuak azaldu duenez, “aldundiekin akordioa lortu da Europar Batasuneko 20 herrialde baino gehiagotan ezarrita dagoen zerga hori aplikatzeko, turismoan inolako eragin negatiborik izan gabe. Zerga honen helburua da baliabideak sortzea, udal bakoitzak inbertsioak egin ahal izan ditzan, bisitatzen gaituztenengan eta hemen bizi direnengan pentsatuta”. Hori dela eta, foru-arau hori aurtengo azken hiruhilekoan abian jartzea espero du sailburuak.

Etxebizitza turistikoei dagokienez, sailburuak adierazi duenez, “ez dugu beste leku batzuetan bezain arazo larria. Erabilera turistikoko etxebizitzak Euskadiko etxebizitza-parke osoaren % 0,5 dira, eta estatuko batezbestekoa, berriz, % 1,5 da; hori gertatu da kontua komunikabideetara hedatu baino urte batzuk lehenagotik arautu ditugulako etxebizitza horiek”.

“Erabilera turistikoko etxebizitzen araudi turistikoa dugu. Balearrekin batera izan ginen iraupen laburreko alokairuei buruzko Europako Araudiari ekarpen gehien egin zizkion erkideetako bat, eta ikuskaritza handitu dugu. Uda aurretik, Airbnb-ri errekerimendua egin genion gure turismo-araudia betetzen ez zuten 703 iragarki plataformatik kentzeko, eta kendu egin dituzte. Eta horri gehitu behar zaio Etxebizitza Ministerioak, Leihatila Bakarraren bidez, 470 etxebizitza kendu dituela plataforman, araudia betetzen ez dutelako. Ministerioaren datuak dira, eta aztertzen ari gara, egungo egoera ezagutzeko eta horren arabera jarduteko”.

“Horri gehitu behar zaio Denis Itxaso Etxebizitzako sailburuarekin eta Jaurlaritza sostengatzen duten legebiltzar-taldeekin eztabaidatzen ari den Lege Proiektua; bertan, onartzeko puntuetako bat da tentsionatutako eremurik dagoen tokian ezingo dela pisu turistiko berririk sortu”.

Ildo horretan, “bizitegi-helburuarekin eraikitako eraikin batek helburu horri eutsi behar diola” defendatu du.