Euskadi, elkartasunaren erreferentea Gazako adingabeen harreran eta osasun-arretan

0
PRUEBA
  • Une honetan, Osakidetzako pediatriako taldeak uztailaren 31n iritsitako sei adingabeen jarraipen espezializatua egiten ari dira, eta beste adingabe bat gehitu zaie, pazienteetako baten anaia
  • Guztiak daude klinikoki egonkor, eta, ospitaleratze puntuala beharrezkoa izan zen kasuetan izan ezik, horietako bat ere ez da ospitaleratu behar gaur egun
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak beren esker ona adierazi diete profesional sanitarioei, pediatriako taldeen diziplina anitzeko lanari esker osasun-arreta oso espezializatua eta gizatiarra jaso baitute

Euskadik bere konpromiso solidarioa erakutsi du berriro, Gazako Zerrendatik etorrita, gerraren ondorioz osasun-arazo larriak dituzten adingabe palestinarrak hartu eta artatzean. Uztailaren 31n Gurutzetako eta Donostiako ospitaleetan asistentzia pediatrikoa jasotzeko sei haur berri iritsi ziren, eta dagoeneko 22 gazatarrek jaso dute osasun-arreta Osakidetzan, Europako Batzordeak eta Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako ebakuazio medikoko prozeduraren esparruan, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Ministerioaren lankidetzarekin.

Testuinguru horretan Espainiara ebakuatutako 39 adingabe eta senideen erdia baino gehiago EAEko ospitaleetan hartu eta tratatu dira, eta Euskadi larrialdi humanitarioko egoeran dauden haurren osasunarekin eta ongizatearekin bereziki konprometitutako lurralde bihurtu da.

Artatutako adingabeen egoera

Une honetan, Osakidetzako pediatriako taldeak uztailaren 31n iritsitako sei adingabeen jarraipen espezializatua egiten ari dira, eta beste adingabe bat gehitu zaie, pazienteetako baten anaia. Guztiak klinikoki egonkor daude, eta, ospitaleratze puntuala beharrezkoa izan zen kasuetan izan ezik, horietako bat ere ez da ospitaleratu behar gaur egun.

Donostia Unibertsitate Ospitalean lau paziente artatzen dira:

    • 5 eta 14 urteko bi ahizpa:
      • 5 urteko neskatoak gaixotasun onkologiko bat du aldizkako tratamenduaren pean, bilakaera positiboarekin, eta bere nutrizio-egoerak nabarmen hobera egin du; egoera hori kritikoa zen iritsi zenean.
      • Ahizpak, 14 urtekoak, prozesu hematologikoa du, egoera kliniko egonkorrean, eta zenbait probaren emaitzen zain dago oraindik. Biak pediatriako hemato-onkologiako taldearen jarraipenaren pean daude.
    • Giltzurruneko patologia duten 4 eta 6 urteko beste bi anai-arreba:
      • Biak egonkor daude, eta haur-nefrologiako zerbitzuaren kontrolpean. Azterketa genetikoak osatzeke daude behin betiko diagnostikoa zehazteko.

Gainera, adingabeen nutrizio-kontrola areagotu da, txertoen egutegia eguneratu da, bai pazienteena, bai haien anai-arreba laguntzaileena, eta laguntza integrala eskaintzen zaie osasun-behar guztietan.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean:

  • 6 hilabeteko bularreko umea, sortzetiko kardiopatiarekin, abuztuaren amaieran operatua eta emaitza onarekin. Alta emanda eta jarraipen anbulatorioan dago.
  • Hasiera batean desnutrizioa zuen 7 urteko neskatoa. Sendatu ondoren, aurreko astean ebakuntza kirurgikoa egin zioten kardiopatian, emaitza onarekin, eta gaur egun kanpo-kontsultetan egiten zaio jarraipena.
  • Erredurak dituen 2 urteko adingabea, laser bidezko tratamendua hasteko zain dagoena, sendatzeko.

Gainera, apirilean iritsi ziren eta tratamendu onkologikoekin jarraitzen duten hiru paziente onkologiko artatzen jarraitzen da.

Arreta mediko espezializatua eta gizatiarra

Osakidetzako espezialistek nabarmendu dutenez, patologien artean daude gaixotasun onkologikoak, hematologikoak, giltzurrunetakoak, kardiakoak eta erredurengatiko lesioak. Hainbat kasutan, desnutrizio larria detektatu zen, eta hori lehentasuntzat hartu da, tratamendu espezifikoagoak egin aurretik pazienteak sendotzea eta prestatzea bermatzeko.

Osasun-laguntza osatzeko, ostatua, mantenua, aholkularitza juridikoa, interpretazioa eta laguntza psikosoziala bermatzen duten gizarte-erakundeak daude, adingabeentzako eta haien familientzako harrera integrala bermatzen.

Elkartasuna denboran eutsia

Hau da Euskadin azken urtean izan den hirugarren dispositiboa harrera-zerbitzuan eta osasun-laguntzan:

  • 2024ko uztailaren 25ean, gerraren ondorioz patologia larriak zituzten bederatzi adingabe eta ama bat artatu zituzten Gurutzetako eta Donostiako ospitaleetan.
  • 2025eko apirilaren 4an gaixotasun onkologikoak zituzten beste bost adingabe iritsi ziren, eta bi ospitaleetan jaso zuten tratamendua.
  • Uztailaren 31ko taldea iritsi zenean 7 adingaberi eman zitzaien arreta, eta irmotu egin zen Euskadiren inplikazioa nazioarteko osasun-larrialdi honetan.

Osakidetzako profesionalei aitorpena

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak beren esker ona adierazi diete profesional sanitarioei, haien diziplina anitzeko lanari esker (pediatrak, onkologoak, zirujauak, kardiologoak, nefrologoak, nutrizioko espezialistak eta beste diziplina batzuetakoak, guztiak pediatriako taldeak) osasun-arreta oso espezializatua eta gizatiarra emateagatik.

Osasunaren arloko langileen, ospitaleetako zuzendaritza medikoen, harrerako erakunde sozialen eta erakunde publikoen arteko lankidetza estua funtsezkoa izan da tratamendu seguruak, duinak eta familietatik hurbil daudenak bermatzeko.

Horrela, lurralde solidario eta gerra-testuinguruetan giza eskubideen eta haurren defentsarekin konprometitutako lurralde gisa duen zeregina berresten du Euskadik, gehien behar dutenei itxaropena eta zaintza eskaintzeko osasun-, gizarte- eta komunitate-baliabideak batuta.