Pérez Iglesiasek ikerketaren garrantzia eta Deustuko Unibertsitatearen prestakuntzaren datu onak azpimarratu ditu

0
PRUEBA
  • Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak  Bilboko campusean egin den ikasturte berriaren inaugurazio ekitaldian hartu du parte.

  • Ikasturte honetan unibertsitate lege berria izapidetzen eta 2027-2030 Unibertsitate Plana egiten hasiko direla iragarri du.

  • Prestakuntzaren kalitatea unibertsitateen «helburu nagusia» eta arau berriak «zaindu beharreko ondasuna» izan behar duela nabarmendu du.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek Deustuko Unibertsitatearen 2025-2026 ikasturtearen inaugurazio ekitaldian parte hartu du gaur, Bilboko campusean.

Ekitaldian ordezkaritza instituzional eta akademiko zabala bildu da, eta sailburuak Deustuko Unibertsitateak gizartean lortutako «merezitako prestigioa»  nabarmendu du eta baita, ematen duen prestakuntzagatik ikasleengandik eta, oro har, herritarrengandik jasotzen duen “balorazio altua” ere.

Ildo horretan, Pérez Iglesiasek Deustuko Unibertsitateak izan dituen emaitza onak azpimarratu ditu. Gogorarazi du Euskal Autonomi Erkidegoa bigarren postuan dagoela ikasketak aurreikusitako denbora teorikoan amaitzen dituzten graduko tituludunen ehuneko handiena duten autonomia-erkidegoen artean ( % 51, Estatuko unibertsitate presentzialen % 43ren aldean), eta laugarrenean masterreko tituludunen artean ( % 82 eta % 75, hurrenez hurren). «Bada, ehuneko horiek, Deustuko Unibertsitateari dagokionez, % 75 graduan eta % 94 masterrean dira», adierazi du.

«Datu horiekin bat etorriz, unibertsitate honetan graduetan matrikulatutako kredituen % 92,4 eta masterretan matrikulatutako kredituen % 98,7 gainditzen dira. Ehuneko hori, EAE osoan, % 82,6koa da graduan eta % 93,6koa masterrean «, adierazi du.

Era berean, Deustuko Unibertsitateak Lanbidek 2021ean ikasketak amaitu dituzten pertsonen laneratzeari buruz egindako azken txostenean aurkeztutako datu onak azpimarratu ditu: okupazio-tasa % 83koa zen 2012an, eta % 88ra iritsi zen 2021ean; enplegua aurkitzeko batez besteko denbora 5 hilabetetik 3ra murriztu zen aldi berean, eta tituludunen % 87k jasotako prestakuntzarekin lotutako lanpostua betetzen du. Datu horiek «oso onak» direla esan du.

“Unibertsitatean, kalitateaz hitz egitea ikerketaz hitz egitea da”

Hitzaldian, sailburuak nabarmendu du ikasturte hau oso garrantzitsua dela; izan ere, datozen hilabeteetan unibertsitateko lege berria izapidetzen hasiko dira eta, datorren urtean, 2027-2030 Unibertsitate Plana prestatzen. Bere ustez, «planak gure unibertsitateek etorkizun hurbilean izango duten ibilbidea azpimarratuko du, eta legeak, berriz, onartu ondoren, datozen hamarkadetakoa zehaztuko du».

Ildo horretan, Pérez Iglesiasek azpimarratu du prestakuntzaren kalitateak      unibertsitateen helburu nagusia izan behar duela, eta » zaindu beharreko ondasun, eta lege moduan kodetuko diren printzipio eta arauek bilatu behar dutena»; izan ere, bere ustez, «prestakuntza da unibertsitateen zerbitzura dagoen komunitatearen bilakaeran eragin zuzenena duen jarduera da».

Era berean, gogorarazi du unibertsitate eremuan «kalitatea betetze formaletatik, bitarteko egokietatik eta irakaskuntzako bertuteetatik harago» doala. «Unibertsitatean, kalitateaz hitz egitea ikerketaz hitz egitea da», zehaztu du.

Zentzu horretan, Pérez Iglesiasek azpimarratu du ezagutza sortzea «ez dela soilik unibertsitateko irakasleen jardueraren funtsezko osagaia», baizik eta jarduera horrek «unibertsitateko irakasleak kualifikatzen» dituela.

Bere diskurtsoan nazioarteko esperientziak ikerketan duen garrantzia azpimarratu du, eta adierazi du gaur egun zaila dela ikerketa-jarduera on bat ulertzea bestelako ingurune akademiko eta kultural batean prestakuntza- edo lanbide-esperientziarik gabe.

Bestalde, sailburuak adierazi du, unibertsitateek ez dutela saihestu behar gure garaiko erronka globalen aurrean duten erantzukizun intelektuala, ezta “isil” egon gure garaiko “basakerien aurrean”. Eta ildo horretan, giza eskubideen alde egin behar dutela ”Israelgo estatuak Gazan egiten duen genozidioaren aurrean, edo tropa errusiarrek Ukrainan exekutatzen dituzten zibilen sarraskiaren aurrean.”

Era berean, Pérez Iglesiasek uste du «demokraziaren eta komunaren desprestigio interesatuaren aurrean» unibertsitateek beren defentsan eragile aktiboak izan behar dutela. Eta «gertakari alternatibo eta egia-ostekoetara jotzen dutenen asmo txarreko ergelkeriaren aurrean», azpimarratu du, «intelektualki borrokatu behar dute, egitate sinesgarri eta kontrastatuen baliozkotasunaren alde”.