- Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean erditzen duten emakumeei zuzenduta dago. Borondatez parte har dezakete interbentzio gehigarririk gabe, ikerketa biomedikoaren bidez Euskadin etorkizuneko amen eta haurtxoen osasuna hobetzen laguntzeko
- Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Biobizkaia Osasun Ikerketako Institutuak abian jarri dute proiektu aitzindari hau, diabetesa, hipertentsioa edo neurogarapeneko nahasmenduak bezalako gaixotasunak prebenitzeko eta tratatzeko modu berriak ikertze aldera
Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Biobizkaia Osasun Ikerketako Institutuak erregistro aitzindari bat jarri dute abian Europan, Ospitale honetako Erditze Unitatean artatutako emakume haurdunentzat. Odolaren eta plazentaren laginak biltzea da helburua, diabetesa, hipertentsioa, obesitatea eta neurogarapeneko nahasmendu batzuk prebenitzeko eta tratamendu pertsonalizatua emateko ikerketa bultzatzeko.
Parte hartzea borondatezkoa da, eta odol-lagin bat ematean datza (erditzean erabili ohi den zain barneko bidea aprobetxatuz), baita jaiotzaren ondoren plazenta-zati txiki bat ematean ere. Gainera, baimena eskatzen da amaren eta jaioberriaren historia klinikora modu kodetuan sartzeko, betiere ikerketa-helburuekin.
Lagin guztiak Euskal Biobankuan biltegiratuko dira, Europan bakarra den eta Euskadin ikerketa biomedikorako balio handia duen baliabide publiko bat sortzeko. Erregistroari esker, gaixotasun metaboliko eta neurologikoak goiz diagnostikatzen eta hobeto tratatzen lagunduko duten biomarkatzaileak identifikatu ahal izango dira, baita neurogarapeneko arazoen ezagutzan aurrera egin ere.
“Haurdun dagoen emakume bakoitzaren parte-hartzea funtsezkoa da etorkizuneko medikuntzan aurrera egiteko. Haien eskuzabaltasunari esker, ama eta haurtxo askoren osasuna hobetu ahal izango dugu Euskadin eta mundu osoan”, nabarmendu dute proiektuaren arduradunek.
Nora Fernández Jiménez Biobizkaiko IRLAB Immunogenetikako Ikerketa Laborategiko ikertzaileak eta Jorge Burgos San Cristóbal Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Obstetrizia Ataleko buru eta Biobizkaiko Medikuntza Perinataleko taldeko ikertzaileak koordinatu dute erregistroa. Nabarmentzekoa da, gainera, Itziar González Moro Biobizkaiko ikertzailearen eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Erditze Unitateko emagin taldearen inplikazioa, María Jesús Mulas Martín, Tatiana Medina Cuesta eta Marta Martínez Gutiérrezekin, lagin-bilketaren koordinazioaren buru gisa.
Proiektuak honako hauen finantzaketa du: Eusko Jaurlaritza, EHU eta Berrikuntza, Zientzia eta Unibertsitate Ministerioa (MICIU); laginak biltegiratzeko Euskal Biobankuaren laguntza; eta Osakidetzako Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko, Barrualde-Galdakao ESIko, Barakaldo-Sestao ESIko eta Uribe ESIko osasun-zentroetako lehen mailako arretako emaginen inplikazioa, Osasun Saileko Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuarekin batera.
Hiru ikerketa-proiektu abian
Gaur egun, erregistro horri lotutako hiru ikerketa-proiektu daude martxan:
- PredPlacenta, haurtzaroko arrisku-faktore metaboliko eta neurologikoak identifikatzeko, plazenta aztertuta.
- Placenta and Neurodevelopment Joint Laboratory. Genetika, epidemiologia, psikologia eta neurologiako adituak biltzen ditu, haurren neurogarapenaren azterketan aurrera egiteko.
- MatPlacenta, geneen plazentako adierazpenean eta neurogarapenarekin lotutako ibilbideetan amek dituzten efektu genetikoak eta Haurren Osasunean duten eragina ulertzea helburu duena.
Zalantzarik gabe, erregistro hori aurrerapauso bat da Euskadi nazioarteko erreferente bihurtzeko ama-haurren osasunaren ikerketan, zientzia, konpromiso soziala eta talde lana uztartuta.