- Jauregi: “Alemanian —makina-erremintaren euskal sektorearentzat merkatu garrantzitsuena da— gure industriaren eskaerak eta fakturazioa % 14 igo dira aurten”
- Azken hamarkadan, Eusko Jaurlaritzak makina-erremintaren sektoreari SPRIren bitartez lagundu dio: 91 milioi euroko dirulaguntzaren bidez 850 milioi eurotik gorako inbertsio pribatua egin da eta 2.000 enpresa baino gehiago babestu dira
Euskadiko 32 enpresak parte hartuko dute aste honetan Alemaniako hirian egingo den EMO Hannover 2025 azokan. Fabrikazio aurreratuko teknologien inguruko munduko azokarik handiena da. Batez ere metalak ebaki eta konformatzeko makina-erremintak eta ekoizpen-sistemak, doitasun-tresnak, automatizazioa eta digitalizazio industriala ditu ardatz EMO Hannover azokak, eta “sektoreko erreferentziazko ekitaldia” da, AFM Klusterrak —azokan estatuko presentzia antolatzen du— nabarmendu duenez.
Euskadiko enpresek Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren, Andoitz Korta Industria Sustatzeko sailburuordearen eta Nagore Bonilla SPRI Taldeko Basque Trade & Investment-eko zuzendari nagusiaren babesa jaso dute.
Ildo horretan, garrantzitsua da azpimarratzea, azken hamarkadan, Eusko Jaurlaritzak makina-erremintaren sektoreari SPRIren bitartez lagundu diola: 91 milioi euroko dirulaguntzaren bidez 850 milioi eurotik gorako inbertsio pribatua egin da eta Renove Smart Industry programaren bidez makineria aurreratua erosita 2.000 enpresa baino gehiago babestu dira. Programa ez da amaitu oraindik.
Mikel Jauregi sailburuak babesa adierazi dio makina-erremintaren sektoreari, “sektore estrategikoa baita Euskadirentzat, 6.000 lanpostu baititu”, eta azpimarratu duenez, “euskal industria punta-puntakoa da sektore horretan. Mundu mailan bederatzigarren ekoizlea gara, Europarentzat ere estrategikoa den sektorean; makina-erreminta fabrikazio aurreratuaren oinarria da”.
“Sektorearen egoera ari gara neurtzen”, adierazi du. “Albiste ona da Alemanian —makina-erremintaren euskal sektorearentzat merkatu garrantzitsuena da— gure industriaren eskaerak eta fakturazioa % 14 igo direla aurten”. Badakigu Alemania ez dagoela unerik onenean, eta, beraz, meritu bikoitza du gure esportazio-tasa % 14ra hazteak. Eta hori produktu berritzaile batekin egiten dugu. Beraz, euskal industria mundu guztiari egiteko eta erakusteko gai denagatik zoriondu eta industriaz harro egon behar dugula uste dut”.
EMO 25
Irailaren 22tik 26ra, EMO 25 azoka egingo da Hannover hirian. Industriaren inguruko gai estrategiko ugari lantzen dira azoka horretan, besteak beste, adimen artifizialeko, automatizazioko eta jasangarritasuneko aplikazio berriak. Horiek izango dira azokaren egitaraua egituratuko duten ardatzetako batzuk, fabrikazio-teknologien aniztasunaren eta etengabeko bilakaeraren adibide.
2023an, EMO Hannover azokara 45 herrialdetako 1.850 erakusketari etorri ziren, eta 92.000 bisitari profesional inguru, industriako sektore nagusietako 135 naziotatik etorriak, hala nola makina-fabrikatzaileak, automobilgintza-industria eta haien osagai-hornitzaileak, mekanika-sektorea eta doitasun-optika.
Aurten, Espainiako 44 fabrikatzailek ekoizteko beren sistema aurreratuenak aurkeztuko dituzte Alemaniako azokan, eta 4.500 m² baino gehiagoko erakusketa-azalera hartuko dute. Euskadiko 32 enpresek 3.466 m² kontratatu dituzte, eta horrek euskal enpresek sektorean duten sendotasun nabaria islatzen du.