- Edizio honetako irabazleak Josu Ozaita Azpirozen «Hatsa» eta Saioa Miguelen «Gatz Harana» izan dira.
- Aurtengo Eusko Label lehiaketan 13 film laburrek hartu dute parte eta Euskadiko elikagaiei balioa eman diete.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak Zinemaldiko Eusko Label film laburren lehiaketako sari-banaketan parte hartu du. Ekitaldi hori HAZIk eta Donostiako Zinemaldiak berak antolatu dute elkarrekin, eta hurbileko produktua zinemaren bidez zabaltzea eta babestea du helburu.
2025eko edizioko lehen saritua Josu Ozaita Azpiroz izan da, «Hatsa» lanarekin, eta 6.000 euro jaso ditu sari gisa. Bigarren saritua Saioa Miguel izan da, eta «Gatz Harana» lanarekin 4.000 euroko txekea jasoko du. Sailburuak berak banatu ditu sariak eta parte-hartzaile guztiek egindako lana eskertu du.
«Aurtengo edizioan, lehiaketa honen izaera modu ezin hobean bereganatu dituzten film laburrez gozatzeko aukera izan dugu. Zinema eta gastronomia, bat eginda, kilometro zeroko kalitatezko euskal produktuaren defentsan. Munduari gure gastronomia bikaina erakusteko tokia dugu hemen eta, aldi berean, Euskadiko lehen sektorearen lana baloratzeko. Eskerrik asko guztioi zuen lanengatik «azpimarratu du Amaia Barredok.
Lehiaketako epaimahaia Pedro Subijana sukaldariak, Karmele Pikabea Euskaber kooperatibako kudeatzaileak eta Raimundo Ruiz de Escudero HAZIko zuzendari nagusiak osatu dute. Film laburrak ebaluatzeko orduan, epaimahaiak kontuan hartu ditu horien kalitate artistikoa eta igorritako mezuak. Landako eta itsasertzeko ingurune bizi baten beharra, sektorean lan egiten duten pertsonen zeregina eta eredu iraunkor baten aldeko apustua izan dira lanetan agertu diren ideietako batzuk.
Eusko Label Sariak duela hamarkada bat baino gehiago sortu ziren Zinemaldiaren eta Eusko Labelen arteko lankidetzari esker. Horrela, azken horrek Zinemaldian duen presentzia sendotu da, markak biltzen dituen produktuei Zinemaldi osoan protagonismoa emanez.