Usue Mori adimen artifizialean adituak teknologia arloko emakumeen Gladys V. Saria jaso du

0
PRUEBA
  • PUNTUEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak bultzatutako ekimenak Emakunderen laguntza du
  • Adimen artifi ziala gizartearen ongizatera bideratzeko eta ezagutza transferitzeko urratutako bidea nabarmendu du epaimahaiak

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria Usue Mori teknologoaren V. Gladys Sariaren banaketan izan da, EHUren Donostiako Informatika Fakultatean. Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera. PUNTUEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak sustatzen duten ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta lagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta EHUko berdintasun-zuzendaritza.

Epaimahaiaren aktaren arabera: “Usue Morik ibilbide zientifiko sendoa du; baina gaur egungo eliteko ikerketa eredutik aldendu, eta lehenetsi du adimen artifiziala gizartearen onurarako tresna gisa erabiltzea. Horretarako, fakultateko beste ikerketa taldeetako kideekin ez ezik, jakintza arlo desberdinetako profesionalekin elkarlana bultzatu du. Haren lanari etorkizuneko eragin sozial positiboa aurreikusten zaio.”

Usue Mori Carrascal EHUko irakasle agregatua da, Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, eta 2024ko irailetik aurrera Adimen Artifizialeko graduko koordinatzailea ere bada. Matematikan lizentziatua da eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazio matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan. 2015etik irakasle da unibertsitatean.

Ibilbide akademiko oparoaz gain, Morik ikerketa akademikotik haratago joateko hautu ausarta egin du. Haren helburua adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzea da eta ezagutza praktikara eramatea.