Imanol Pradales Lehendakariak justizia eredu propio baten alde egin du: eraginkorra, modernoa eta baliabide gehiagorekin

0
PRUEBA
  • Lehendakariak Lege berri bat prestatzen ari direla iragarri du, epaitegiak berrantolatzeko, bereziki, pisuzkoak diren gaiak indartzeko −besteak beste, genero-indarkeria eta familia− eta herritarren arreta hobetzeko
  • Pradalesek justizia eredu propioa izateko konpromisoa berretsi du, oinarritzat hartuta birgizarteratzea, bitartekaritza eta justizia leheneratzailea

Imanol Pradales Lehendakariak urte judizialaren irekieran parte hartu du, eta bertan nabarmendu duenez, beharrezkoa da Euskadik justizia “eraginkor, azkar, moderno, humano, unibertsal eta hurbila” izatea, gero eta zorrotzagoa den gizartearen eskakizunei erantzunak emateko modukoa.

Bere mintzaldian, Pradalesek iragarri du epaitegiak berrantolatzeko Lege berri bat lantzen ari direla. Helburua da herritarren arreta hobetzea, premiarik handiena duten atalak indartzea eta garrantzitsuak diren gaiak lehenestea −esaterako, genero-indarkeria eta familia-prozesuak−. “Ertzaintzaren, herri eta hirietako udaltzaingoen, epaileen eta fiskalen arteko koordinazioa hobetu dugu, epaiketak azkarragoak izan daitezen eta norabide horretan aurrera egiten jarraituko dugu, baina gehiago egin behar dugu”, adierazi du.

Era berean, burokrazia errazteak duen garrantzia eta prozesuak arintzeko teknologiaren aurrerapenen zeregina nabarmendu ditu Lehendakariak. Zentzu horretan, Espediente Judizial Elektroniko bat garatzen ari direla aurreratu du, Justizia Digitalaren Planaren barruan, horretaz gain, ikustaldien transkripzioan, audio itzulpenetan eta gisa horretako prozeduretan adimen artifiziala ezartzen ari direla aipatu du.

Imanol Pradalesek justizia eredu propio batekin duen konpromisoa berretsi du, “pertsonen duintasunarekiko errespetuan oinarrituta, betiere birgizarteratzearen, pertsonak berriz integratzearen, bitartekaritzaren eta justizia leheneratzailearen ikuspegitik”. Lehendakariak gogora ekarri du konpromiso hauek guztiak Gobernu Programan jasota daudela, beste hainbat neurrirekin batera, adibidez, Gazte Justiziaren Plana; zentzu horretan, Gernikako Autonomia Estatutuan aitortutako eskumenak osotasunean garatzeko bermeak behar ditugula aldarrikatu du. “Trabarik eta oztoporik gabe”, azpimarratu du.

Horretaz gain, euskarak esparru judizialean duen pisua nabarmendu du Lehendakariak, eta une honetan egituretan dagoen gabeziak sistema osoa kaltetzen duela ohartarazi du. Ildo beretik, Imanol Pradalesek nabarmendu du plaza gehiago behar ditugula, epaitegiak sarri beteta egoten baitira, batik bat, euskal hiriburuetan.