Vitoria-Gasteiz tentsionatutako eremu izendatzea onartu du Eusko Jaurlaritzak

0
PRUEBA
  • Astelehen honetan argitaratu da azken agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), eta BOEk urriaren amaieran zerrenda eguneratzen duenean jarriko da ofizialki indarrean kalifikazioa
  • Neurri horri esker, eskaintza handitzeko politika publikoak aplikatu ahal izango dira: 3.000 etxebizitza babestu baino gehiago eraikiko dira 3 urtean (horietatik 1.629 Eusko Jaurlaritzak eraikiko ditu), eta alokairuaren prezioak kontrolatuko dira, besteak beste
  • Vitoria-Gasteiz zerrendan sartu ondoren —Donostia eta Bilbo ere barne hartzen ditu—, Euskadiko biztanleriaren ia erdia, milioi bat biztanle baino gehiago, dagoeneko tentsionatutako udalerrietan bizi da

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak astelehen honetan onartu du Vitoria-Gasteiz bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzea, dagokion agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu ondoren. Datozen asteetan EAEko hiru hiriburuetan egingo den ekitaldi bat antolatzen ari da Saila, eta bertan izango da Isabel Rodríguez arlo horretako ministroa. Kalifikazioa ofizialki sartuko da indarrean Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE), urriaren amaieran, tentsionatutako udalerrien zerrenda ofiziala eguneratzen duenean. Zerrenda horretan Bilbo, Astigarraga eta Usurbil ere agertuko dira.

Hala, Euskadiko biztanleen % 47,7 tentsionatutako eremuetan bizi da dagoeneko; ehuneko hori % 50etik gorakoa izango da datozen hilabeteetan, Lezo, Zestoa, Arrasate, Tolosa eta Hernani batzen direnean, azken horiek izendatzeko izapideak egiten ari baitira.

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak aitortu duenez, “tentsionatutako eremuaren figura tresna baliagarria bihurtu dugu etxebizitza politika onenak sustatzeko”. Ildo horretan, azaldu duenez, “helburua ez da soilik alokairuaren merkatua arautzea —legez babestuta etxebizitza oinarrizko premiazko ondasun bihurtzeko dakarren guztiarekin—, gure prestazio eta politika publikoak tresna horretara egokitzea ere bada, neurriak eta inbertsioak lehenetsi eta justifikatzeko aukera ematen baitu”.

Itxasok gaineratu duenez, “helburua da tentsionamendutik ateratzea, baina, horretarako, alokairuko etxebizitza babestu gehiago eraiki behar da eta eskaintza eta eskaria orekatu”. Bien bitartean, nabarmendu du, “gure betebeharra da maizterrak babestea, gaur egun higiezinen lege basatiaren menpe baitaude”.

Bestalde, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak nabarmendu duenez, “Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako izendapen horren bidez, Vitoria-Gasteiz datozen 3 urteetarako bizitegi-merkatu tentsionatutako eremu gisa izendatzeko legez ezarritako baldintzak betetzen dira”. Alkatearen hitzetan, “neurri honi esker, merkatuaren disfuntzioak zuzendu eta etxebizitza eskuragarriaren eskaintza zabaltzeko politika publikoak aplikatzeko ahalmena izango dugu”.

Vitoria-Gasteizko talka-planaren ardatzak

Vitoria-Gasteiz hiru urtez egongo da tentsionatutako eremuaren kalifikaziopean, eta, hala, etxebizitzaren arloan talka-plana aplikatu ahal izango da, bost ardatzetan egituratuta:

  1. Etxebizitza babestua eraikitzea. Guztira 3.012 etxebizitza berri sustatuko dira, eta horietatik % 53 alokairu babestukoak izango dira. Horien artean, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak Zabalganan, Salburuan, Ibaiondon eta Abetxukon sustatuko dituzten ekimen publikoko 950 etxebizitza daude. Beste 1.383 etxebizitza sozial eta tasatuetarako promozioetatik aterako dira, ekimen pribatuak bultzatuta; eta, azkenik, beste 679 etxebizitza, Arkaiaten eta Larreinen, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak iazko otsailean sinatutako hitzarmenaren bidez egingo dira.
  2. Alokairuaren prezioak mugatzea. Udalerriko biztanleen % 97,92ri eragingo dio kalifikazioak, tokiko erakunde txikiak barne (Abetxuko, Aretxabaleta, Armentia, Betoño, Ali eta Gardelegi), eta Etxebizitza Legean aurreikusitako mugak aplikatu ahal izango dira. Ildo horretan, gogora ekarri behar da maizterrak babesteko neurriak eta, zehazki, tentsionatutako udalerrietan alokairuen prezioa mugatzea guztiz eraginkorrak direla kontratuen % 90en kasuan. Edukitzaile handien higiezinak, lehen aldiz alokatzen direnak edo azken bost urteetan alokatu ez direnak (% 10) baino ez daude indizearen mende, Etxebizitza Eskubidearen 12/2023 Legean aurreikusitako neurri guztiak aplikatu ahal izateko. Kasuen % 90ean, prezioak mugatuta daude dagoeneko, eta ezin izango dira urteko IRAV indizeak adierazitakoa baino gehiago igo. Indize hori indarrean dago, eta KPIaren azpiko igoerak ezartzen ari da.

Arabaren kasuan, eta erreferentzia-indizea eskuratzeari dagokionez, EUSTAT metodologia bat garatzen ari da, behar den informazioa lortzeko; horretarako, zerga-informazioa datu-baseekin eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren datu-baseekin gurutzatuko da, proiekzio estatistiko fidagarri eta sendoa egin ahal izateko, barruti bakoitzeko behar adina etxebizitza lortzeko. Ildo horretatik, eta Itxasok pasa den ostiralean Eusko Legebiltzarrean adierazi zuenez, “2026ko lehen seihilekoan lortu dezakegu”, baina Arabako Foru Ogasunari eskatu zion “behar diren aldaketak egin ditzala errenta-aitorpenaren zerga moduluan, horrela behar diren datuak biltzen hasi ahal izateko”.

  1. Etxebizitza eta bizitegi-eraikinen efizientzia energetikoa, irisgarritasuna eta bizigarritasuna hobetzeko laguntzei eutsiko zaie eta indartu egingo dira. Horren adibide da Zaramagan egiten ari diren hiri-berroneratzeko proiektua. 22 ataritako 322 etxebizitzetan egingo da, eta 31,5 milioiko inbertsioa jasoko du erkidegoaren eta udalaren funtsen artean. Horri gehitu beharko litzaioke auzotarrek aurreikusitako ekarpena: 2,9 milioi inguru.
  2. Fiskalitatea Udalak OHZren % 50eko errekargua ezarri die hutsik dauden etxebizitzei, eta neurri horri zerga-formula berriak gehitu ahal izango zaizkio, hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzeko. Halaber, Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko, birgaitze energetikorako edo oztopo arkitektonikoak kentzeko Ordenantza Fiskaletan jasotzen diren EIOZko hobariei eustea aurreikusi da. Bi erakundeek 2024ko otsailean sinatutako hitzarmenean kuotaren hobaria % 95ekoa zen.
  3. Espazioak eraldatzea. Beheko solairuko lokalak gaitzea bultzatuko da, bai eta gazteei, adinekoei eta egoera zaurgarrian dauden taldeei aldi baterako ostatu emateko beste formula batzuk ere.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du Euskadiko herritarrek etxebizitza duina, eskuragarria eta egokia izango dutela bermatzeko konpromisoa, erakundeen arteko lankidetza indartuta eta bizitegi-merkatuaren tentsioei aurre egiteko neurri zehatzak abian jarrita.