Partaidetzazko Aurrekontuen bozketa-fasea urriaren 13tik 26ra izango da Donostian

0
PRUEBA

Donostiarrek 100 proiektu baino gehiagoren artean bozkatu ahal izango dute, 2026 eta 2027ko aurrekontuetan sartzeko

Donostiarrek 2025eko Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuaren bozketa-fasera igaro diren 123 proposamenen artean aukeratu ahal izango dute, urriaren 13tik 26ra bitartean. Hala, herritarrek lehentasuna eman ahal izango diete 2026an eta 2027an helburu horretarako erabiliko diren 3 milioi euroak (1,5 milioi ekitaldi bakoitzeko) banatzeko proiektuei. Zenbateko horri 500.000 euro gehitu behar zaizkio, Ekialdeko Barrutiak 2026ko aurrekontutik prozesu honetatik ateratzen diren barrutiko auzoetako proiektuetarako erabiliko dituenak.

Departamentuen azterketaren ondoren, 123 proposamen urriaren 13tik aurrera egingo den bozketa-fasera igaroko dira. Horietatik, 15 hirirako dira, eta gainerako 108 auzoetarako dira. Horiek, iriko auzo ezberdinen artean banatzen dira, Altza (13), Aiete (11), Egia (14) edo Bidebieta (9) auzoen artean, hain zuzen ere.

Ekialdeko Barrutiak 36 proposamen batu ditu guztira, eta horien artean Barrutiko 2026ko berezko aurrekontuko 500.000 euro banatuko dira. 2026ko eta 2027ko aurrekontuetarako gainerako 3 milioi euroak beste 87 proposamenen artean esleituko dira, bozketa-fasearen ondoriozko lehentasunaren arabera, aurrekontua agortu arte.

Proposamenen bozketa

Proposamenak bozkatzeko fasea urriaren 16an hasiko da eta hilaren 26ra arte zabalik egongo da. Proposamen bakoitzari bozketa kode bat esleituko zaio, eta herritarrek bost proiektu aukeratu beharko dituzte (pertsona bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal izango du).

Parte hartzeko bi bide egongo dira:

  • Online, www.donostia.eus webgunean horretarako sortutako atalaren bidez (unibertsala, irisgarria, anonimoa eta sekretua izango da). Hauek dira online botoa emateko behar diren datuak: NAN edo AIZ zenbakia, izen-abizenak, jaioteguna eta telefono mugikorraren zenbakia.
  • Aurrez aurre, Herritarren Partaidetzarako bulegoan (Easo kalea 43, 1. eskuina). NANa aurkeztu beharko da.