
- Vitoria-Gasteiz da lehen euskal hiriburua tresna digital hau abian jartzen osasun-arloko eta gizarte-arloko premiak dituzten pertsonei arreta integrala eta koordinatua ematea ahalbidetzeko
- Interkontsulta soziosanitarioa adibide argia da ikusteko Euskadi aurrera doala pertsona ardatz duen arreta integratuago baterantz
- Koordinazio-prozesuen digitalizazioa bultzatzeari eta balioan oinarritutako arretarako datu-kudeaketaren alde egiteari esker apustu estrategiko eta sendoa bermatu du Eusko Jaurlaritzak, guztia Osasun Itunean adostutako arreta soziosanitarioari eta digitalizazioari buruzko ildo estrategikoekin lerrokatuta
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritzaren bitartez, interkontsulta soziosanitarioa ezarri du, Osakidetzako eta oinarrizko gizarte-zerbitzuetako profesionalen artean kasuei modu koordinatuan heltzeko aukera ematen duen tresna digitala. Vitoria-Gasteiz da Euskadin arreta soziosanitarioaren orainerako eta etorkizunerako funtsezko tresna hori abian jarri duen lehen euskal hiriburua.
Gaur goizean aurkeztu da osasun-arloaren eta gizarte-arloaren arteko komunikazio-sistema berri hori —dagoeneko funtzionatzen du Euskadiko udalerri batzuetan eta probak egiten ari dira beste batzuetan ezartzeko—, Gasteizko Olagibel anbulatorioan egindako prentsaurreko batean. Bertan parte hartu dute Mamen Álvarez Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Laguntza Soziosanitarioko zuzendariak, Lucho Royero Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Administrazioa Modernizatzeko zinegotziak eta Nuria Achaerandio Arabako ESIko Arreta Integratuko zuzendariak.
Tresna horri esker, pertsona jakin batengan premia sozial eta/edo sanitario bat detektatzen denean, informazio eta lankidetzako zirkuitu bat sortzen da Osakidetzako Lehen Arretatik gizarte zerbitzuetara, baita, era berean, alderantzizko zentzuan ere, kasu bakoitzaren espezifikotasunarekin bat datorren erantzun integrala bermatzeko.
Koordinazio-prozesuen digitalizazioaren bultzadari eta balioan oinarritutako arreta lortzeko datuaren kudeaketaren aldeko apustuari esker, Eusko Jaurlaritzak apustu estrategiko eta sendoa bermatzen du; hori guztia Osasun Itunean adostutako arreta soziosanitarioari eta digitalizazioari buruzko ildo estrategikoekin lerrokatuta, Euskadiko osasun-sistema publikoa eraldatu eta epe ertain eta luzera kalitatezko arreta jasangarria eta ekitatiboa bermatu nahi baitu.
PERTSONAK ERDIGUNEAN
Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko zuzendari Mamen Álvarezek azaldu duenez, proiektu honen helburua da osasun- eta gizarte-sistemak modu erreal eta eraginkorrean koordinatzea, pertsonek arreta integralagoa, eraginkorragoa eta hurbilagoa jaso dezaten, sistema deskonektatuen artean mugitu eta nabigatu behar izan gabe. “Interkontsulta soziosanitario elkarreragilea adibide argia da ikusteko Euskadi aurrera doala pertsona ardatz duen arreta integratuago baterantz”, gaineratu du.
Interkontsulta soziosanitarioak hainbat onura dakartza, bai pazienteentzat, bai sistema sanitario-sozialarentzat berarentzat. Horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira:
Pazienteentzat
- Arreta integrala: osasun-arazoaren ikuspegi osatuagoa, diagnostiko edo premiaren bat alde batera uztea saihestuta.
- Pertsona ardatz duen laguntza, deskonektatutako sistemen artean mugitu eta nabigatu behar ez izateko.
- Asistentziaren jarraipena eta koordinazioa osasun-sistemaren eta gizarte-zerbitzuen artean.
- Itxaronaldiak murriztea.
- Proben bikoizketa saihestea.
- Arreta pertsonalizatuagoa, lanketa biopsikosozialetik abiatuta.
Sistema sanitario-sozialarentzat
- Arretaren jarraitutasuna: koordinazio hobea hainbat eremutako profesionalen artean.
- Baliabideak eraginkortasunez erabiltzea, informazioa modu seguruan trukatuta.
- Kasu konplexuen kudeaketa optimizatzea: paziente kronikoak, mendekotasuna, osasun mentala…
- Datuen gobernantza hobeagoa, populazioari dagokionez plangintza eta erabaki hartzea ahalbidetzeko.
- Epe luzerako kostuak murriztea, osasun-determinatzaile guztiak eta horien ondorioak kontuan hartuta.
- Asistentziaren kalitate handiagoa, prozesu integratuagoei esker.
- Ekitate handiagoa sarbidean, koordinazioa sistemei baitagokie, eta ez pazienteari.
Osakidetzaren Arabako ESIko Arreta Integratuko zuzendari Nuria Achaerandiok nabarmendu duenez, “Interkontsulta soziosanitarioa aurrerapen esanguratsua da osasunari ikuspegi integral batetik heltzeko, zeinak alderdi klinikoak ez ezik pertsonen ongizatean zuzenean eragiten duten determinatzaile sozialak ere jasotzen baititu. Inplementatutako garapen digitalei esker, gizarte- eta osasun-zerbitzuen arteko komunikazioen trazabilitatea eta fidagarritasuna bermatzen da, eta horrek aukera ematen du erantzuna arinagoa izateko eta arreta hurbilagoa, pertsonalizatuagoa eta desburokratizatuagoa izateko. Tresna horri esker, pertsonen zaintzan inplikatutako taldeek modu bateratuan, eraginkorrean eta bizi-kalitatea hobetzera bideratuta lan egiten dute, eta profesionalak dira bi zerbitzuen artean koordinatzen eta mobilizatzen direnak arreta integrala eskaintzeko, pazienteak berak sistema deskonektatuetan ibili behar izatea saihestuz. Ildo horretan, erakundeen arteko lankidetza da jarraitu beharreko bidea, eta erabiltzaileak daude beti gure jardueren erdigunean”.
Bestalde, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotzi Lucho Royerok azpimarratu duenez, garrantzizkoa da osasun-langileen eta gizarte-langileen arteko harreman zuzena ahalbidetzen duen komunikazio-bide hori abian jartzea. “Elkarrekiko komunikazio arin eta zuzen hori balio handiko tresna da, eta erabiltzaileei ematen zaien arreta egungoa baino azkarragoa, osatuagoa eta eraginkorragoa izatea ahalbidetuko du. Bi profesionalen baterako lan koordinatuak zuzenean eragingo dio pertsonen ongizate handiagoari. Osakidetzak Udala erabil dezake herritarrengana gehiago eta hobeto iristeko. Gure gizarte-zerbitzuak etengabe hobetzen ari gara, eta uste dugu interkontsulta soziosanitarioak lehen egunetik lortuko duela helburu hori ”, adierazi du Royerok.
Gaurko agerraldian, Laguntza Soziosanitarioko zuzendariak azpimarratu duenez, lan partekatuaren aldeko apustua da, “bi sistema desberdinek informazioa modu seguruan, efizientean eta pertsonari bideratuta partekatu dezaketela erakusten duena”.
SISTEMA SOZIOSANITARIOEN DIGITALIZAZIOA
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gidatutako eta Europako funtsekin finantzatutako programa honek aukera ematen du Euskadiko eredu soziosanitarioari elkarreragingarritasun-azpiegitura batzuk emateko, koordinazio soziosanitarioan parte hartzen duten erakundeen arteko informazio-trukea kudeatzeko. Azpimarratzekoa da, Europako finantzaketa 2025ean amaitzen denean, Osasun Sailak zuzenean bere gain hartuko duela proiektuaren jarraipena eta finkapena, erakutsiz ez dela ekimen iragankorra, baizik eta politika publiko egonkorra eta ibilbide luzekoa.
Administrazioa Eraberritzeko zinegotzi Sonia Díaz de Corcuerak nabarmendu duenez, ezinbestekoa da bi erakundeetako zerbitzu informatikoek laguntza ematea, gizarte- eta osasun-arloko profesionalak harremanetan jar daitezen, zorroztasun- eta pribatutasun-bermeekin. “Horrelako tresnen atzealde teknikoa konplexua da. Izan ere, Udaleko Informatika urtebetez aritu da lanean helburu hori lortzeko, eta errealitate bihurtu da orain. Ondo erabilitako teknologia, laguntza ordainezina eskaintzen duen aliatu hori, baita bizi kalitatea hobetzeko ere”, adierazi du Díaz de Corcuerak.
Infomazio gehiago Osasun Sailaren Arreta Soziosanitarioaren webgunean.