Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz sartuko du zibersegurtasuna 2026tik 2030era bitarteko arriskuen aseguramenduan, eta, hala, estatu-maila aitzindarietako bat izango da. Gobernu Kontseiluak gaur onartu du prozedura honen hasiera, indarrean dauden eta 2026ko urtarrilean amaitzen diren kontratuetan jada jasota dagoen arriskuen estaldurari jarraipena eman nahi diona.
Horretarako, Ogasun eta Finantza Saileko Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak hainbat aseguru-poliza kontratatuko ditu, zortzi loteren bidez, EAEko Administrazio Orokorraren, haren erakunde autonomoen eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen arriskuei estaldura egokia emateko, eta lizitazio-prezioaren urte anitzeko aurreikuspena egingo da, 133 milioi eurotik gorakoa.
Kasu honetan, berritasuna da lehiaketa publiko honen pleguetan «ziber-arrisku» aseguruaren lizitazioa sartzea, zibersegurtasuna Administrazio Publikoaren eraldaketa digitalari arrakasta-berme handienarekin ekiteko elementu estrategikoetako bat bihurtu dela iritzita. Hala ere, Administrazioaren digitalizazioak berekin dakar ingurune birtualaren berezko mehatxuak onartzea, eta, horiekin batera, zerbitzu publikoen funtzionamendua bermatzeko neurriak ezartzea, bereziki, kalitateari eta jarraitutasunari dagokienez.
Hainbat administrazio publikok jasan dituzten etengabeko zibererasoek erakutsi dute egungo sistemak duen zaurgarritasuna. Horregatik, eta arrisku berri horiei aurre egiteko, kontratazio-prozedura honetan berritasun gisa, ziber arriskuko aseguru bat lizitatuko da, sarean bertan eta pribatutasun- eta segurtasun-erantzukizun zibilean, besteak beste, ezbeharrak bermatzeko.
«Azken batean, eraso zibernetikoak bermatuko dituen poliza espezifiko bat kontratatzearen helburu nagusia da Eusko Jaurlaritzak, haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek etorkizunean jasan ditzaketen arrisku ekonomikoak, ospezkoak eta kudeaketakoak minimizatzea», laburbiltzen du Almudena Otaola Urkijo Ondare eta Kontratazioko zuzendariak.
Kontratuaren lizitazio-prezioaren eta arrisku garrantzitsuenetako batzuetan (Erantzukizun Zibil Sanitarioa, ibilgailuen polizak eta Bizitza eta Istripuak) lau urterako kontratuen indarraldiaren helburua da lizitazioa erakargarria izatea aseguru-etxeentzat, eta enpresen arteko lehia bera onuragarria izatea Administrazioarentzat eta herritarrentzat.