Euskadik aurreikuspen ekonomikoak hobetu ditu, eta 2025 eta 2026rako hazkundea sendotu du

0
PRUEBA

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurreikuspenen arabera, ekonomia % 2,2 haziko da 2025ean eta % 1,9 2026an, eta azken aurreikuspenekin alderatuta, goranzkoa da berrikuspena; horrek erakusten du Euskadiko jarduera ekonomikoaren sendotasuna

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak datozen bi urteetarako aurreikuspen ekonomikoen eguneratzea aurkeztu du gaur. Azken datuen arabera, Euskadik hazkunde sendo eta egonkorra du, baita Europako ekonomia nagusien ziurgabetasunak eta moteltzeak markatutako nazioarteko testuinguruan ere.

2023ko eta 2024ko urteko kontuen berrikuspenak erakusten du euskal ekonomia aurreikusitakoa baino gehiago hazi zela: % 3,0 2023an eta % 2,5 2024an, hasierako estimazioak baino hiru hamarren gehiago. Emaitza horrek azpimarratzen du Euskadik nazioarteko ingurune zail batean pultsu ekonomikoari eusteko duen gaitasuna, bereziki, gure esportazioetarako giltzarri diren herrialdeetan; hala nola, Alemanian eta Frantzian.

Eustatek argitaratutako azken datuak oinarri hartuta, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak aurreikusi du ekonomia % 2,2 haziko dela 2025ean eta % 1,9 2026an. Azken aurreikuspenekin alderatuta, goranzko berrikuspena da, eta horrek Euskadiko jarduera ekonomikoaren sendotasuna islatzen du.

Torres Lehendakariordeak nabarmendu duenez, “datu horiek agerian uzten dute gure ekonomiaren indarra. Euskadik jakin du norabidea mantentzen zalantzaz beteriko nazioarteko testuinguruan, eta gaur esan dezakegu konfiantzaz eta oinarri sendoz ekingo diogula datozen urteei, aukerak sortzen jarraitzeko”.

Hazkunde horren motor nagusia barne eskaria izango da. Aurreikuspenen arabera, etxeko kontsumoak % 2,7 egingo du gora 2025ean, enpleguaren hobekuntzari eta inflazio neurritsuagoari esker. Inbertsioak ere zifra positiboetan jarraitzen du, % 3,1eko hazkunde estimatuarekin, finantza baldintza hobeagoetan oinarrituta. Kanpo sektorearen ekarpena mugatuagoa izango bada ere, esportazioek suspertze zantzuak dituzte, 2025ean % 2ko eta 2026an % 3ko igoerak aurreikusi baitira.

 

Enplegu gehiago eta gizarte kohesio handiagoa

Lan merkatuaren bilakaera da datu nabarmenetako bat. 2025erako lanaldi osoko 14.000 enplegu sortuko direla aurreikusten da, eta horri esker langabezia tasa % 6,4ra jaitsiko da. Aurrerapen horrek “kohesio soziala eta herritarren ongizatea indartzen lagunduko du, horiek baitira gure politika ekonomikoaren helburu nagusiak”, nabarmendu du Mikel Torresek.

Sektoreka, zerbitzuek ekonomiaren motor nagusia izaten jarraituko dute, 2025ean % 2,7ko hazkundearekin, eraikuntzak lagunduta, % 2,5eko erritmo positiboari eutsiko baitio. Industriak zailtasun handiagoak ditu nazioarteko merkataritzaren ahultasunagatik, baina 2026an suspertzea espero da, kanpo merkatuek egonkortasun handiagoa dutenean.

 

Egonkortasuna eta etorkizunerako konfiantza

Prezioen bilakaerak ere egonkortasuna adierazten du: BPGren deflaktorea % 2,6an kokatuko da 2025ean eta % 2,0ra jaitsiko da 2026an, inflazioaren moderazioa berretsiz. Horri esker, ingurune aurreikusgarriagoa eta mesedegarriagoa izango da, bai inbertsiorako, bai kontsumorako.

Azkenik, Lehendakariordeak azpimarratu duenez, “Euskadik ekonomia sendoa du, etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuta dagoena eta nazioarteko edozein ziurgabetasuni aurre egiteko egokitzeko gaitasuna duena. Hazten ari gara, enplegua ari gara sortzen eta gizarte kohesioari ari gara eusten. Hori da gure herrialdean egonkortasunerako eta konfiantzarako bermerik onena”.

 

Ikusi taula