2025eko apirilean abian jarri zen Lizardi Sariaren 44. edizioa eta saria eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak. Castillo Suarezek, Kati Olaizolak eta Alex Gurrutxagak osatutako epaimahaia joan den irailaren 16an elkartu zen aurkeztutako sei lanak aztertu eta sariduna erabakitzeko.
Azterketa egin eta hainbat iritzi eztabaidatu ondoren, berriz, saria EMAN GABE uztea erabaki zuten “aurkeztutako lanek sariketa honek urteetan izandako mailari eusteko beharrezko kalitaterik ez dutelako”.
Aurtengo edizioan gazte literatura zen saritzekoa, hain zuzen ere, 13-17 urte arteko irakurleei zuzendutakoa. 2023ko edizioak ere ez zuen saridunik izan, arrazoi beragatik.
Gauzak horrela, Lizardi Sariaren 45. edizioa antolatu eta prestatzeari ekingo dio Zarauzko Udalak, haur eta gaztetxoentzako literatura suspertzeko helburuarekin.