Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak inauguratuko du Jasangarritasun Sozial Turistikoari buruzko Kongresua. Kursaal Kongresu Jauregian egingo da urriaren 13 eta 14an. Adituak, profesionalak eta gazteak elkartuko dira turismoaren erronkei buruz lehiakortasunaren, ekintzailetzaren eta teknologiaren ikuspegitik eztabaidatzeko.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Basquetourrek bultzatuta, Kongresuak funtsezko gaiak landuko ditu, hala nola jasangarritasun soziala turismoaren kudeaketan integratzea, zeintzuk diren joera teknologiko disruptiboenak eta sektoreak ekintzailetzarako eskaintzen dituen aukerak.
Kongresuak hiru programa izango ditu: Pro Session, profesionalei zuzendua, etika, prestakuntza eta lan-baldintzei buruzko hitzaldi eta mahai-inguruak izango ditu; Open Session, publiko orokorrari irekia, Javier Veigaren emanaldia eta Juan José Millás eta Juan Luis Arsuagaren arteko elkarrizketa izango ditu; eta Etikoa Fest, ikasleei zuzendua, berrikuntza, turismo digital eta ekintzailetza gazteari buruzko saioak izango ditu.
Izena eman daiteke dagoeneko, kongresuaren webgune ofizialean.






