2026aren hasiera aldean, linearen buruetan nasen emendatze partzial bat testatuko da
Susana García Chueca Mugikortasun Iraunkorraren sailburuak astearte honetan jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak C3 Bilbo-Urduña linearen irisgarritasun-arazoei aurre egiteko duen plana. Aldirietako zerbitzua Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du urtarriletik, eta Renfek operatzen du. García Chuecak adierazi duenez, “Renferekin eta Adifekin batera esku hartuko dugu C3an, nasa-tren interfazearen irisgarritasuna hobetzeko”, gaur egun zenbait maila gainditzera behartzen baitu, mugikortasun urria duten pertsonei sarbidea zailduta.
Jarduketak berekin dakar nasetan emendatze partzialak sortzea (espazio zehatzetan), puntu horiek trenen kota berean jartzeko eta, horrela, gaur egun C3an dagoen altuera gainditzeko. Izan ere, C3an, Bizkaiko aldirietako gainerako trenetan ez bezala, irisgarritasun-zailtasunak daude aspaldidanik. Sailburuak zehaztu duenez, udaberritik Euskal Trenbide Sarea (ETS), Eusko Jaurlaritzaren jabetzako sareko tren-azpiegiturez arduratzen den Eusko Jaurlaritzako erakunde publikoa, eta ADIF, C3aren azpiegituraren jabe den Estatuko administratzailea, elkarlanean aritu dira sistema berria diseinatzen, hori posible egiteko.
Soluzio hori linearen hasierako eta amaierako geltokietan —Urduñan eta Abandon—, testatuko da hasiera batean, García Chuecak aurreratu duenez, eta nasetako esku-hartzea datorren urteko lehen hiruhilekoan egingo da. Bi esperientzia pilotuei esker, “haien funtzionamendua fisikoki probatu eta optimizatu ahal izango da, eta, hortik aurrera, froga ondo badihoa eta pertsonentzako erabilgarria bada, C3 lineako gainerako geltokiak eta bere ezaugarriak aztertuko ditugu, ondoren sistema zabaltzen saiatzeko eta posible bada linea osoan erabiltzeko”, sailburuak iragarri duenez, plan honen bigarren fase bati begira. “Bidean beste erantzun azkarragoak aurkitzen baditugu, mahai gainean jarriko ditugu eta aztertuko ditugu”, azaldu du.
Euskadiko garraio-arduradun nagusiak nabarmendu duenez, C3aren irisgarritasun-faltak “zerbitzua guri transferitu baino lehenagotik ere kezkatu eta arduratu gaitu”. Transferentziaren akordioak berak ezartzen du Renfek tren zaharragoen ordez beste tren modernoago batzuk jartzeko konpromisoa, nasaren mailan kotxe zentral bat jarrita, sailburuak gogorarazi duenez, “baina hasieratik argi genuen ezin genuela etsi trenak noiz iritsiko zain, eta lehenago jardun behar genuela”. Ildo horretatik, García Chuecak eskertu egin du Adifek eta ETSk soluziorik onena identifikatzeko egindako lana.
Zenbait alternatiba aztertzea
Sailburuak nabarmendu du administrazioen artean egiten ari den prozesuaren konplexutasuna. Izan ere, aldiriko trenen transferentzia “ez da osoa”, Euskadi ez baita linearen titularra, Adif Estatuko trenbide-administratzailearen esku jarraitzen du eta. Zerbitzua —hori bai, Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa—, berriz, Renfe Estatuko enpresak operatzen du 2027ko abendura arte, gutxienez.
Hiru aldeen artean, beste aukera batzuk aztertu eta baztertu dira, hala nola trenak erretiratzea kotxe irisgarriak sartzeko —zerbitzuan izango lukeen afekzioagatik— edo lagun egiteko sistema bat sortzea —identifikatutako kolektiboen artean ez dauden pertsonak sistema horretatik kanpo utz ditzakeelako—.
Aurrerapenak hurbileko trenbide-zerbitzuan
Sailburuak gogorarazi duenez, duela hamar hilabete Eusko Jaurlaritzak Aldirien kudeaketa bere gain hartu zuenetik, ordura arte Espainiako Gobernuaren esku egon ondoren, eskumena eskualdatzeko prozesuan identifikatutako hobekuntzak abian jartzen ari dira: alde batetik, C3aren irisgarritasuna hobetzea bera; bestetik, Arabako Lautadarako aldirietako tren-zerbitzu bat sortzea, bidaia eskuragarriekin eta ordutegi hobeekin (maiatzaren 30etik dago martxan); eta, azkenik, Karrantza eta Aranguren artean trenbide-anezka bat sortzea, Enkarterriko herritarrak garraiobide honen bidez hobeto konektatzeko. Azken horri buruz, García Chuecak zehaztu duenez, “lanean ari gara datozen hilabeteetan anezka aktibatzeko, Ministerioak linea elektrifikatzen amaitu ondoren”.