- Maria Jesus San Josek ‘Deportazioaren memoria. Nazien kontzentrazio-esparruetako euskal testigantzak’ erakusketa ireki du
- Erakusketan deportatuen senideek eta elkarteek emandako objektuak eta dokumentuak nabarmentzen dira
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak ‘Deportazioaren memoria. Nazien kontzentrazio-esparruetako euskal testigantzak’ erakusketa zabaldu du, gaur goizean Gasteizen, Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuarekin eta Alberto Alonso Gogoraren zuzendariarekin batera.
Erakusketak «gorrotoak, sektarismoak, xenofobiak eta zentzugabekeriak aurrez aurre jarritako kontinente bateko pasarte ilunenak» bizi izan zituzten euskaldunen izenak eta bizipenak gogoratzen ditu, María Jesús San José sailburuak gogorarazi duenez. Eta kontrara, «Europa batu, konbentzitu eta militantea» aldarrikatu ditu, «demokraziaren, aniztasunaren, diferentziarako eskubidearen eta giza eskubideen balioen defentsan».
Bere hitzaldian, María Jesús San José sailburuak belaunaldi gazteenekiko memoria-betebeharra aipatu du «haiek ere jakin behar dute, ezagutu, beren memoria modu kritiko eta gogoetatsuan eraikitzeko. Etorkizuneko hiritartasun-izaera sortu behar dute, iragana galdekatuz. Ezin diegu utzi erdizkako egiarik, isiltasun eta dogma eztabaidaezinekin aurrez ehundutako kontakizunik».
Inaugurazioan izan dira Gogora Institutuko zuzendari Alberto Alonso, erakusketaren erakunde antolatzailea, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuorde Arritxu Marañón, eta Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendari Ainhoa Zugasti. Horiekin batera, Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kideak, Arabako Aldundiko museo eta arkeologia arloko arduradunak, deportatuen senideak eta deportazioaren memoria berreskuratzen lan egiten duten elkarteak ere izan dira. Bai familiek bai elkarteek objektuak eta dokumentuak emanez lagundu dute erakusketa.
Gogora−Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako erakusketa honek, esparruak askatu zituztela 80 urte bete direnean Deportazioaren Memoria 1945-2025 proiektuaren baitan, euskal gizarteak deportatutako pertsonekin eta haien familiekin duen zorra kitatu nahi du.
Berrehun euskaldun baino gehiagok deportazioaren izugarrikeria pairatu zuten 1940 eta 1945 bitartean, aurreko urteetan demokrazia defendatu zutelako – Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Bigarren Errepublikak ordezkatua –. Hala ere, biktima horien oroimena eta haien bizi-esperientzia ezezaguna izan da euskal gizartearen gehiengoarentzat, eta deportazioa, Europan gertakari hori ezaguna den arren, ez da gure memoria kolektiboaren parte izan.
Sailburuak bere hitzaldian azpimarratu duen moduan, «gure memoria kolektiboaren parte izan behar dute, gure memoria demokratikoaren parte; haien izenak ezin dira berriro ahaztu, gizarte honen ondare demokratikoaren parte direlako».
Luis Salak komisariatutako erakusketa honek euskal deportazioaren drama modu zorrotz eta bisualean birsortu nahi du, bizirik atera zirenen testigantzen bidez, bai eta familiek, amikalek, elkarteek eta erakundeek gordetako objektuen eta argitalpenen bidez ere, haien oroimena gal ez dadin ahalegindu direnen ekarpenen bidez, alegia.
Erakusketa hau zabalik egongo da urriaren 8tik azaroaren 23ra, Gasteizko Amarika aretoan.