Kultura kapitala funtsezkoa da ekonomia garapenerako eta gizarte kohesiorako

0
  • ‘Ekonomiaz’ aldizkariak sakontzen du digitalizazioak, adimen artifizialak eta partehartze kulturalak kulturaren ekonomian duten eraginean
  • XXI. mendeko kultura sektoreak ekonomian planteatzen dituen erronkak eta aukerak aztertu dituzte adituek zenbaki berrian

Kultura kapitala funtsezko elementua da ekonomia garapena sustatzeko eta kohesio soziala indartzeko, Ekonomiaz aldizkariaren 107. zenbakiko ondorioen arabera. “Kulturaren ekonomia: partehartzea eta aniztasuna mundu digital batean” izenburupean, edizio berezi horrek hamaika artikulu ditu, eta kulturaren ekonomia ikuspegi askotatik jorratzen dute, kultura partaidetzaren, kultura kapitalaren sorkuntzaren, politika publikoen ebaluazioaren eta teknologia berrien eraginaren garrantzia nabarmenduz.

Hala, XXI. mendeko kultura sektorearen erronkak eta aukerak ulertzeko funtsezko hainbat gai biltzen ditu Ekonomiazek. Artikulu aipagarrien artean dago Juan Prieto-Rodríguez eta Arantza Ugidosek jorratutako kulturaren ekonomiari buruzko sarrera teorikoa, zeinak azpimarratzen duen kultur ondasunen ekoizpena, banaketa eta kontsumoa nola eraldatu duten digitalizazioak eta globalizazioak.

Estatu Batuetako kultura sektorean adimen artifiziala nola txertatu den aztertu dute Concetta Castiglionek eta Davide Infantek, aldaketa disruptiboak eta eskaintza kulturala pertsonalizatzeko aukera berriak aurreratuz. Beatriz Plaza Inchaustik, Marisol Esteban Galarzak eta Ibon Aranburu Amianok, berriz, arkitektura ikonikoak turismoan duen eragina landu dute. Marqués de Riscal upategia eta Bilboko Guggenheim museoa moduko kasu enblematikoak analizatu dituzte, eta kulturak turismoa erakartzeko eta eskualdeko markak birkokatzeko duen ahalmen ekonomikoa balioan jarriz.

José Ignacio Azuela Floresek, Luisa Gutiérrez Navratilek eta María José Pérez Villadónigak, ostera, belaunaldien arteko kultura eta irakurketa ohituren transmisioari ekin diote. Kultura eta irakurketaren eragin goiztiarrak duen garrantzia nabarmendu dute, desberdintasunak murrizteko eta bizitzan zehar partehartze kulturala sustatzeko balio duelako.

Beste lan batzuek honakoa aztertu dute: Euskal Herriko arte eszenikoen eskaria, desgaitasuna duten pertsonak bizitza kulturalean sartzea (Manuel Cuadrado García, María Luisa Palma Martos eta Juan de Dios Montoro Pons), eta museoetan eta kultur erakundeetan kudeaketa parte-hartzailea (María José del Barrio Tellado, Fátima Espinosa Casero, Jonathan Daniel Gómez Zapata eta Luis César Herrero Prieto).

Era berean, Ilde Rizzok cultura ondarearen eta leku zentzuaren arteko harremanari buruzko gogoeta egin du; Anna Villarroya Planasek eta Victoria Ateca Amestoyk, berriz, Espainiako kultura sektoreko langileen bizi baldintzak eta ongizatea landu dituzte, aitorpen profesional eta ekonomiko handiagoa behar dutela azpimarratuz.

Ekonomiaz aldizkariaren zenbaki horrek ikuspegi plurala eta zorrotza eskaintzen du kulturaren ekonomiak dituen erronkei eta aukerei buruz, eta gomendio praktikoak ematen ditu politika kultural inklusiboagoak, berritzaileagoak eta iraunkorragoak diseinatzeko. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren webgunean dago eskuragarri aldizkaria.

1985etik

Ekonomiaz sei hilean behin argitaratzen den aldizkaria da, nazioarteko proiekzioa duena, eta etenik gabe argitaratzen da 1985etik. Euskal ekonomiari eragiten dioten gaiei buruzko azterketa eta eztabaida ekonomikoa sustatzea du helburu, eta, sorreratik, analisi estrukturala eta koiunturala bateratu ditu, prestigio akademiko handiko ikertzaileen partehartzeari esker.

Izan ere, Ekonomiazen Erredakzio Kontseiluak aukeratutako gaiak une bakoitzean eztabaida akademiko, politiko eta sozialaren erdigunean daudenak dira. Argitalpenaren ezaugarriak direla eta, erreferentziazko aldizkari bihurtu da testuinguru editorialean, zientzia ekonomikoaren eskualde ikuspegiaren baitan.