San Juan baleontziak, XVI. mendeko euskal baleontziaren erreplika zientifikoak, horrela amaitzen du lurreko eraikuntza fasea eta itsasoko etapa hasten du, nazioarteko itsas ondarearentzat mugarri bat ezarriz.
Gaur goizean Albaola Itsas Kultur Faktorian ospatu den prentsaurrekoan, San Juan
baleontziaren uretaratzea aurkeztu da eta 2025eko azaroaren 7an ospatuko den ekitaldi honen egitaraua ezagutarazi dute.
Xabier Agote, Albaola Presidenteak hartu du hitza lehenik: Erronka ikaragarria izan da;
perspektiban ikusita, hunkitu egiten nau pentsatzeak zenbat pertsona eta erakundek eman dioten beren denbora, trebetasuna eta konfiantza proiektu honi; parte-hartze horrek sekulako eragina izan du. Ahaztutako jakintza berreskuratu dugu, eta duela bostehun urteko teknikekin gauzatu dugu. Garrantzitsuena uzten duen ondare bizia eta bultzatzen duen kultur biziberritzea da; aurrera jarraituko dugu gizarteari bere itsasotasuna itzultzeko. Orain azken faseari ekingo diogu: nabigagarri bihurtzea eta itsasora itzultzea.
Ondoren, Teo Alberro Pasaiako alkateak hartu du hitza: San Juanaren botadura ez da soilik itsasontzi historiko baten historia berpiztea: komunitate baten ahalegina da, elkarlanean eraikitakoaren emaitza. Ekimen honen bidez, Pasaiak berriro erakusten du herri txiki batek, bere sustraietatik eta bere jendearen indarretik, mundu osora iritsi daitekeela. Proiektu honek balio kolektiboen indarra erakusten du: jakintza partekatua, artisauen lana, belaunaldien arteko transmisioa eta kulturaren bidezko berrikuntza.
Jarraian, Ibone Bengoetxea Lehen Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu duenez, «San Juan ontziaren uretaratzea gertaera sinboliko bat baino askoz gehiago izango da: tradizioa eta modernitatea, sustraiak eta etorkizuna batzen dakien herri baten isla. Albaolak erakusten du ondarea zaintzea ez dela atzera nostalgiaz begiratzea, baizik eta sustrai sendoekin aurrera egitea etorkizunerantz. Erakusten digu euskal nortasuna ez dela itxia, mundura irekia baizik, beti egon den bezala», azpimarratu du.
Azkenik, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Eider Mendozak, nabarmendu du San Juan baleontziaren uretaratzea “nazioarte mailako gertakizuna” izango dela, kulturaren eta itsas ondarearen ikuspegitik. “Gure lurraldearentzat eta herriarentzat ere lehen mailako hitzordu batez ari gara, arrazoi askorengatik. Horien guztien artean azpimarratu nahi ditut egitasmoak barne-biltzen dituen hiru balio, proiektu honen bitartez mundu zabalera begira aldarrikatzen dituguna. Lehenik, elkarlana: ontziko piezak ensanblatzeaz gain, proiektuaren inguruan pertsonak, erakundeak, elkarteak, komunitate oso bat lotu duelako. Bigarrenik, berrikuntza: gogorarazten digulako itsasora begira garatu garen herri ekintzailea garela. Eta, hirugarrenik, lan ona: talde lanaren, jakintza zientifikoaren, konpromisoaren eta ofizio tradizionalen emaitza paregabea delako San Juan ontziaren erreplika”.
Azaroaren 7an San Juan baleontziaren botadura EITB 1 telebista katetik jarraitu ahal izango da zuzenean.
Uretaratzearen aurretik, ekitaldi instituzional bat egingo da Albaola Itsas Kultur Faktorian, eta bertan izango dira tokiko eta autonomia-erkidegoetako agintariak, besteak beste, Imanol Pradales Lehendakaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia, bai eta Espainiako Gobernuko eta Kanadako Gobernuko ordezkariak ere, proiektuan parte hartu duten hainbat diziplinatako kolaboratzaileez gain.
Ikerketa eta ofizioa ondarearen zerbitzura
Xabier Agotek, Albaola, irabazi asmorik gabeko elkartetik bultzatuta, erreplika honek ontzigint za tradizionala eta berpizkundeko euskal itsas teknologiaren ikerketa zorrotza uztartzen ditu. Proiektuak ia desagertuta duden lanbideak suspertzeko gai den giza eta material azpiegitura bat sortzea eskatu du: ontzigintza tradizionala, errementaritza, belagintza eta sokagintza esaterako. Hau dena, jendeaurrean garatu da, ezagutza ikertzeko, zabaltzeko eta transmititzeko espazio bizi batean.
Urpeko arkeologian erreferente bat
San Juanaren saskarra 1978an aurkitu zuten Red Bayn (Labrador, Kanada), Selma Huxley historialariak egindako ikerketei eta Robert Grenierrek zuzendutako Parks Canada Urpeko Arkeologia Zerbitzuaren kanpainei esker. Milaka pieza aztertu eta katalogatzeari esker, XVI. mendeko kroskoa eta eraikuntza-teknikak zehaztasunez definitu ziren, eta San Juana nazioarteko erreferente bihurtu zen urpeko arkeologian. Albaolak Parcs Canadak egindako txosten zehatza jaso ondoren ekin zion erreplika zientifikoaren eraikuntzari.
Eraikuntzatik itsasora: arkeo-nabigazioa
Kroskoaren botadurak lurreko fasea ixten du eta uretako eraikuntza-faseari ematen dio bide.
Nabigagarri egingo duen fase hau Pasaiako badian egingo da osorik, eta itsasontziaren ekipamendu integrala osatuko da. Gutxi gora behera: 4km soka, 2 bela sorta (bakoitza 600 m²-koa), aingurak, bale-txalupak, kobrezko pertzak, barrikak eta abar, garaiko material eta teknikekin erreplikatuko dira, eta zorroztasun historiko handienarekin egindako XVI. mendeko Euskal baleontzia osatuko dute.
Etorkizun hurbilean bisita daitekeen itsasontzi museoa
Datozen hilabeteetan, eraikuntza eta ekipamendua aurrera doazen heinean, San Juana itsasontzi museo bisitagarria izango da: XVI. mendeko itsas teknologia eta nabigatzaile haien bizitza xehetasunez ezagutzeko espazio irekia.