- Dokumentuak Euskadiko Garraio Agintaritzaren oniritzia jaso ondoren, azken barne-tramitazioaren mende egongo da, Gobernu Kontseiluak behin betiko onar dezan
- Ehun ekintza baino gehiago ditu, jasangarritasunean, intermodalitatean eta justizia sozialean aurrera egitera begira
Euskadiko Garraio Agintaritzaren (EGA) osoko bilkurak, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan garraio publikoaren arloan eskumena duten administrazio publikoak eta operadoreak koordinatzeko organoaren osoko bilkurak Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren alde egin du asteazken honetan egin duen bileran. Planak datorren hamarkadarako arlo horretako jarraibideak ezartzen ditu.
Azken hilabeteotan, herritarrek parte hartzeko prozesu zabala garatu ostean, orain Gobernu Kontseiluak Planari argi berdea emateko azken fase administratiboei ekingo zaie. Prozesu horretan, partikularren, sektoreko elkarteen eta administrazio publikoen 1.680 alegazio erregistratu dira. Horietako 742 osorik edo zati batean onartu, eta dokumentuaren behin betiko idazketan jasoko dira. Euskadiko Garraio Agintaritzaren arabera, “planaren helburuak eta zehaztapenak positiboak eta beharrezkoak dira Euskal Autonomia Erkidegoaren mugikortasun jasangarriaren eredua garatzeko”.
Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana da Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legea garatzeko eta araudi honen helburuak betetzeko tresna nagusia, eta planaren helburua da garraiobideen arteko integrazioan aurrera egitea, haien efizientzia hobetu dadin, betiere jasangarritasun-irizpideen arabera eta irisgarritasun unibertsala bermatuta. Garraiobideen koordinazioan eta integrazio intermodalean oinarritutako plangintza-tresna honen bitartez, autonomia-erkidegorako mugikortasun-eredua sortu nahi da. Hori dela eta, trenbide bidezko garraioaz, autobusaz, mugikortasun aktiboaz eta ibilgailu pribatuaz gain, aireko eta itsasoko mugikortasuna, logistika eta salgaiak ere hartzen ditu kontuan.
Planaren helburu orokorren artean dago ingurumen-jasangarritasuna, justizia soziala, efizientzia ekonomikoa eta eraginkortasun funtzionala lortzea, Euskadik hamarkada batez mugikortasunaren arloan aldaketa garrantzitsuak izan dituen testuinguru batean. Izatez, mugikortasun elektrikoa gehiago zabaldu da garraio publikoko ibilgailuetan nahiz errepideko ibilgailu pribatuetan, abiadura handiko trena iritsi da eta hiri handienetan Emisio Txikiko Eremuak abian jarri dira.
Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planak epe labur, ertain eta luzerako 122 jarduketa zehatz biltzen ditu. Besteak beste, planteatzen du trafikoa mantsotzeko neurriak 25.000 biztanletik gorako tamaina ertaineko udalerrietara ere zabaltzea, hiriburuetako Emisio Txikiko Eremuekin batera. Era berean, beste ekintza batzuk ere barne hartzen ditu: disuasio-aparkalekuak sortzea udalerri ertainetako tren-geltokietatik edo autobus-geltokietatik hurbil; hiri handietako sarbideetan autobus-errei itzulgarriak ezartzeko aukera aztertzea; abiadura handiko tren-geltokiak beste garraiobide publiko batzuekin lotzeko aukera aztertzea, baita aireportuekin ere, errepideko garraio publiko bidez; autobus-floten elektrifikazioa bultzatzea; eta 15.000 biztanletik gorako udalerrietan superetxadiak eta trafikoa mantsotzeko eremuak sortzea.
Ekintzak planak berak egindako diagnostikoari emandako erantzunak dira. Erradiografia horrek agerian uzten du Euskadin 6,5 milioi lekualdaketa izaten direla egunero, batez beste pertsona bakoitzeko hiru, eta horietatik erdiak baino gehiago lanera (% 32) eta ikastera (% 21) joateko dira. Batik bat, barne-mugikortasuna da, autonomia-erkidegoaren barrukoa (% 99), eta, hirien eta herrien tamainari esker, batez ere mugikortasun aktibora bideratuta dago (probintzia bakoitzeko lekualdatzeen % 40, gutxienez, oinez egiten dira, eta bizikletak presentzia handia du leku askotan, Araban adibidez). Hala ere, ibilgailu pribatuaren presentzia handia da oraindik ere, hiru probintzietan lekualdaketen % 30etik gora autoz egiten dira. Garraio publikoa, bestalde, Arabako % 8,6aren eta Bizkaiko % 15,4aren artean dago.
Planak hamarkada bateko indarraldia izango du, eta bost urtean behin berrikuspenak egitea aurreikusten da. Gainera, Euskadiko Garraio Agintaritzak ponentzia espezifiko bat sortzea ezartzen du, administrazio publikoen arteko koordinazioa bermatu eta helburuak lor daitezen.
Hemendik aurrera, Euskadiko Garraio Agintaritzaren osoko bilkuraren oniritziarekin, dokumentua behin-behinean onartuko da, eta datozen hilabeteetan Gobernu Kontseiluak behin betiko onartu beharko du.






