Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Bilbon egin den CECOBI 2025 Bizkaiko Merkataritza Sarien banaketa-ekitaldian parte hartu du, eta tokiko merkataritzaren bizitasuna, konpromisoa eta eraldatzeko gaitasuna nabarmendu ditu.
Hitzaldian, CECOBIren 25. urteurrena gogoratu du —iaz ospatu zen—, eta Konfederazioa eta sektore osoa zoriondu ditu egindako ahaleginagatik, lanagatik eta hurbileko merkataritzaren balioa bizirik mantentzeagatik.
“Gure merkataritza bizirik dago, eta halako ekitaldiak horren erakusle dira. Eraldaketa-prozesu betean gaude, baina merkataritzak aurrera jarraitzen du eta hala izan dadin laguntzen jarraituko dugu”, adierazi du sailburuak. Horrez gain, hirien bizitzan eta kohesio sozialean gertuko merkataritzak duen funtzioa azpimarratu du, kontsumo ohitura berrietara eta digitalizazioaren erronketara egokitzearen garrantzia nabarmenduta, tokiko merkataritza bereizten duen funtsa galdu gabe: arreta pertsonala, konfiantza eta bezeroekiko harreman zuzena.
Zentzu horretan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sektoreko elkarte eta eragileekin ekintzailetza-, digitalizazio- eta berrikuntza-programen bidez duen lankidetza nabarmendu du; negozio berriei zein eraldatzea erabakitzen dutenei laguntzen diete.
“Berrikuntza ez da soilik zerbait berria asmatzea, lehendik dagoena eraldatzea baizik. Eta hori merkataritzan ere egiten ari da, egiten ari zarete”, adierazi du. Era berean, kontsumitzaileen erantzukizuna aipatu du; erosketa erabakiek eragin zuzena dute eraiki nahi dugun gizartean eta gure ingurunearen jasangarritasunean.
“Gure auzoetako saltokietan erosteak eragin positiboa du gure kaleetako bizitzan, segurtasunean eta tokiko ekonomian. Denda bakoitzaren atzean bezeroengatik kezkatzen diren pertsonak daude, eta hori ezin dute plataforma handiek ordezkatu”, gaineratu du.
Amaitzeko, sailburuak zoriondu egin ditu edizio honetako sarituak, eta berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak tokiko merkataritza-eredu indartsu, jasangarri eta gertukoarekin duen konpromisoa, herritar guztien ongizateari lagunduko baitio.






