- Eusko Jaurlaritzak 27,5 milioi euro mobilizatuko ditu Lurraldea egokitzeko, bost jarduketa pilotutan, leku hauetan: Zarautz, Bakio, Txingudiko padurak, Gasteizko Astegieta aldea eta Bilbo Handiko itsasadarraren ertzetako udalerriak
- Euskal kostaldeko itsas maila 20 cm inguru hazi da 1800az geroztik; 2022. eta 2023. urteak erregistratutako urte beroenak izan ziren
- Efemeride horren ospakizuna ASTEKLIMA – Euskadiko Kima eta Energiaren Astean sartzen da
Urriak 24an ospatzen den Klima Aldaketaren Nazioarteko Egunaren kariaz, Ihobe sozietate publikoak berretsi egiten du klima-ekintzarekin hartuta duen konpromisoa, klima-aldaketara Euskadin egokitzearen arloan gidatzen dituen proiektuen balioa nabarmenduz.
Ekimen azpimarragarrienen artean, honako hauek daude: naturan oinarritutako soluzioen bultzada, hiri-erresilientziaren hobekuntza, eta klima-irizpideak lurralde-plangintzan txertatzea. Proiektu horiek bat datoz Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 Legearen helburuekin, eta klima-jokaleku berriak planteatzen dituen erronkei erantzuten diete: muturreko gertaera meteorologikoen maiztasunaren eta intentsitatearen hazkundea, itsas mailaren igoera, eta azpiegitura kritikoak eta ekosistema kalteberak babesteko beharra.
Testuinguru horretan, Ihobek KAIA ekimena azpimarratzen du, hau da, Eusko Jaurlaritzaren estrategia aurrendari bat, lurralde-erresilientzia klima-aldaketaren inpaktuen aurrean indartzera zuzendua. KAIA (Klima Aldaketaren InpaktuA) Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak koordinatzen du, Ihobe sozietate publikoaren bitartez, eta bertan parte hartzen dute URA-Uraren Euskal Agentziak, Lurralde Plangintza eta Hiri Agenda Zuzendaritzak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Euskalmetek, eta, fase honetan, AZTIren laguntza teknikoa ere jaso da.
Mahai honen bokazioa da beharrezko eragileak sartzea, publikoak zein pribatuak, proiektu erakusleak arrakastaz gauzatzeko eta beste leku batzuetan erreplikatzeko. KAIAren esparruan, naturan oinarritutako konponbideak eta jarduera berritzaileak diseinatu eta ezarriko dira, marea-, ibai- eta euri-uholdeen, zein bero-boladen kalteberatasuna murrizteko, baita alerta goiztiarreko sistemak eta neurrien monitorizazioa ere.
Ekimen hori eta klima-aldaketara egokitzeko proiektu erakuslearen kontzeptua, Europar Batasunaren Egokitzeko Misioaren eta Regions4Climate proiektu europarraren barruan sartzen dira, horrela Euskadi klima-egokitzapenean Europako erreferente gisa kokatzen delarik.
KAIA demostrazio-proiektuak
Fase honetan, KAIA ekimenak bost demostrazio-proiektutan lan egiten du:
- Zarautz, egokitzapena kostaldeko frontean: Narros-Munoa eremuaren birmoldaketa, errepidearen eta ingurune antiislatzailearen eta kontradikearen azterketa, hondartzarako sarbideen balizko birmoldaketa, mendebaldean, duna-sistemaren ingurumen-hobekuntza, eta esku-hartzearen ondorioen monitorizazioa. Epea: 2025 – 2028ko abendua. Estimatutako aurrekontua: 4,5 milioi euro.
- Bakio, hirI-padura eta uholde-arriskua duen basoa: klima-aldaketara Estepona ibaian egokitzeko proiektua. Epea: 2025 – 2026ko abendua. Estimatutako aurrekontua: 3,05 milioi euro.
- Txingudi erresilientea: San Lorentzo padura handitzea, kirol-ekipamendua kentzea eta San Lorentzo padurarekin konektatzea, Mendelu auzoan alternatibak aztertzea, Jaizubia padura handitzeari buruzko azterlana, eta esku-hartzearen ondorioen monitorizazioa. Epea: 2025 – 2028ko abendua. Estimatutako aurrekontua: 10,5 milioi euro.
- Astegieta, natura berreskuratuz: Astegietako meandro artifizializatua lehengoratzea, Gasteizen, eta uholde-arriskua murriztea. Epea: 2025 – 2028ko abendua. Estimatutako aurrekontua: 4,1 milioi euro.
- Bilboko Itsasadarra: gobernantza konplexu bat sortzea, klima-aldaketak itsasadarrean duen inpaktuari ezagutza handiagoz heltzea, eta epe ertain eta luzera hartu beharreko neurriak eragile guztiekin aztertzea. Bitartean, klima-aldaketarako egokitzapen inkremental batean lan egiten da eremu konkretu batzuetan, epe laburrera: naturan oinarritutako soluzioak, Kaiku muturrean eta Zorrotzako muturrean. Epea: 2025 – 2030eko abendua. Estimatutako aurrekontua: 5,9 milioi euro.
Osoko aurrekontua: 27,5 milioi euro.
Euskadiko klima-aldaketaren adierazleak
- Euskadiko urteko batez besteko tenperatura: 2023an –> +3ºC-ko igoera 1991-2020 aldiko batezbestekoaren aldean.
- Bero-bolada izandako egunen kopurua: 23 egun (2022).
- Gau beroen kopurua: 75 (2023).
- Euri biziko egunak (egunean 40 litro baino gehiago m2 bakoitzeko): 4 egun (2023).
- Itsas mailaren igoera euskal kostaldean: 20 cm 1800az geroztik; igoera tasa 1,5 cm eta 3,5 cm bitartekoa izan da, hamarkada bakoitzeko, 90eko hamarkadaz geroztik.
- Berotegi-efektuko gasen (BEG) isurketen bilakaera:
% 38ko murrizketa 2024an, 2005. urtea erreferentziatzat hartuta. - Berotegi-efektuko gasen osoko isurketak: 15,8 milioi tona (2024).
- Energia berriztagarriak azken kontsumoan duen parte-hartzea: % 20,4 (2023).
1970az geroztik, Euskadiko tenperatura 0,3ºC igo da hamarkada bakoitzeko. 2022. eta 2023. urteak erregistratutako urte beroenak izan ziren.
Klimaren eta Energiaren Astea
Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunaren ospakizuna ASTEKLIMA – Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen seigarren edizioaren baitan dago sartuta; berau Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak bultzatzen du, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bitartez.
Urriaren 17tik 26ra bitartean, ASTEKLIMAk trantsizio energetiko eta klimatikoaren erronka kokatu nahi du agenda publikoan, herritarrak euren ohiturak aldatzera mobilizatzeaz batera, “ekintza oro, txikia izan arren, kontuan hartzekoa da” premisapean.






