Jesús Arratibel Ruiz de Alegriaren gorpuzkiak identifikatu dira Amorebieta-Etxanoko hilerrian

0
  • Hilerri honetan genetikoki identifikatutako seigarren pertsona da, guztira 157 dira berreskuratutakoak
  • Zalduondotarra (Araba) eta CNTko ‘Malatesta’ batailoiko milizianoa 1936ko abenduan hil zen, 21 urte zituela, Amorebieta-Etxanoko Ospitale Militarrean

 

‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programak’ emaitza positibo berri bat eman du Jesús Arratibel Ruiz de Alegría genetikoki identifikatuz. CNT sindikatuko ‘Malatesta’ batailoiko milizianoa zen eta 1936ko abenduaren 5ean hil zen Amorebieta-Etxanoko Ospitale Militarrean, 21 urte zituenean.

Familiak badu dagoeneko identifikazioaren berri eta datozen asteetan berreskuratuko dituzte haren gorpuzkiak. Identifikazio-prozesua EHUko Biomics laborategiak egin du, familiak emandako lagin genetikoa hezur-hondarren laginarekin alderatuta.

Gogora Institutuak koordinatutako ‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko eta Identifikatzeko Programa’ honako hauen lanaren bidez gauzatzen da: Euskal Prospekzio Taldea, Gerra Zibileko biktimen balizko ehorzketak aurkitzeaz arduratzen dena; Aranzadi Zientzia Elkartea, gorpuzkiak berreskuratu eta auzitegi-azterketa egiten duena; eta EHUko Biomics laborategia, DNA laginak aztertzeaz eta erkatzeaz arduratzen dena. Hilerri honetako desobiratze lanak Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzarekin egin dira.

Hilerri honetan 157 pertsonen gorpuzkiak berreskuratu dira. Behin-behineko zifra izaten jarraitzen du, auzitegiko medikuek gorpuzkien azterketa noiz amaituko zain.

Hauek dira orain arte identifikatutakoak:

  • Adolfo Cengotitabengoa Izurza, Muskizkoa (Bizkaia).
  • Jaime Iñiguez Nieva, Ortuellakoa (Bizkaia).
  • Enrique Contreras, Linaresekoa (Jaen) eta Aretxabaletakoa (Gipuzkoa).
  • Ortuellako (Bizkaia) Benigno Hierro Pinedo.
  • Jacinto Polo Ríos, Donostian jaioa (Gipuzkoa).
  • Jesús Arratibel Ruiz de Alegría, Zalduondokoa (Araba).

Centoitabengoa, Iñiguez y Hierro, Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako ‘Perezagua’ batailoiko milizianoak ziren, eta egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an, Barazarko frontean.

Enrique Contreras, EAJ-PNVri atxikitako ‘Sarasketa’ batailoiko gudaria, egun bat lehenago hil zen, apirilaren 6an, Diman, Barazar inguruan.

Jacinto Polo eta Jesus Arratibel Amorebieta-Etxanoko Ospitale Militarrean hil ziren egun bateko aldearekin.

Zonaldeak eta datak bat datozela ikusita, Gogora Institutuak berriro dei egiten die data edo fronte horietan desagertutako gudularien senideak harremanetan jar daitezen.

gogora@euskadi.eus | 944032845