Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak hitza hartu du Eusko Legebiltzarrean, EH Bildu taldeak Getxoko Kirol Portuan hotel bat eraikitzeko aukerari buruz egindako galderari erantzuteko.
Sailburuak argitu du turismo-establezimendu jakin batzuk bultzatzea edo eraikitzea ez dela Sailaren eskumenetako bat, eta gogorarazi du Turismo Sailak ez duela parte hartzen Abra-Getxo Kirol Portua Elkartean.
Horrez gain, adierazi du talde parlamentarioak Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei gai horri buruzko informazioa eskatu diela, eta gaineratu du bere eskumenekoak ez diren gaiei buruzko baloraziorik ez duela egingo.
Hala ere, hitzaldia baliatu du gaiari Euskadiren turismo-estrategiaren eta gurutzaontzien turismoaren ikuspegitik heltzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera berretsi du: “Gurutzaontzien turismoa ez da lehentasunezko produktua gure turismo-estrategian. Euskadira iristen den turismoaren % 3 baino gutxiago iristen da bide horretatik; beraz, ez du pisu handirik turismo-industriaren barruan”, azaldu du.
Sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren estrategia turistikoek ez dutela hazkunde kuantitatiboa helburu, bisitarien banaketa orekatua baizik, desestazionalizazioaren, lurralde-dibertsifikazioaren eta egonaldiaren luzapenaren alde eginda, euskal ereduaren ardatz gisa: “Gure jasangarritasun-ereduaren baitan, gurutzaontzien turismoa ez da lehentasunezkoa Euskadirentzat. Ez dugu sustatzen, eta ez da gure produktu estrategikoen parte”.
Jarrera hori Euskadiko Turismoaren Plan Estrategikoan zein sustapen- eta merkaturatze-kanpainetan islatzen da, eta Jaurlaritzak turismo-eredu etiko, arduratsu eta jasangarriarekin duen konpromisoa berretsi du. “Euskadik apustu irmoa du turismo-etikaren eta -erantzukizunaren alde, eredu jasangarriaren abiapuntu. Hori da babesten jarraituko dugun bidea”, amaitu du.






