Osasun Sailak ikasleen artean jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa murrizteko laguntzen deialdia egin du

0
  • Laguntza horiek 2024-2025 ikasturtean Euskadin 62 proiektu finantzatzeko balio izan zuten: 11 Araban, 25 Bizkaian eta 26 Gipuzkoan

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu du Alberto Martínez Osasuneko sailburuaren Agindua, elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzen deialdia egiten duena, ikasleen artean jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzeko.

Laguntzak 290.800 eurokoak dira, eta dagoeneko eska daitezke.  2025-2026 ikasturtean egindako jarduerak finantzatzea du helburu, baldin eta helburu hauek badituzte:

  • Eskola-bideak sortzeko eta dinamizatzeko partaidetza-proiektuak garatzea, hiri-espazioek joan-etorri aktibo eta seguruetarako eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzera bideratuta.
  • Eskola-jolastokiak ikasteko, jolasteko eta mugitzeko espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko partaidetza-proiektuak garatzea, bai eta kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ere, bai eskola-orduetan, bai eskolatik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta (kulturala, etnikoa, etikoa, sexuala, funtzionala eta beste batzuk) eta ikasleen eta haien familien beharretara eta interesetara egokituta.
  • Eskola-orduetatik kanpo familian jarduera fisikoa erregulartasunez egitea sustatzeko jarduerak bultzatzea, besteak beste, txangoak mendira, irteerak bizikletan, paseoak patinetan edo jolas-jarduerak familian, besteak beste.

Joan den ikasturtean, laguntza horiek mota horretako 62 proiektu finantzatzeko balio izan zuten: 11 Araban, 25 Bizkaian eta 26 Gipuzkoan. Proiektuen % 87,1 eskolako jolastokiak eraldatzera eta/edo dinamizatzera bideratu ziren, espazio inklusiboak izan daitezen; % 16,1 eskola-ordutegitik kanpo familian jarduerak egitera; eta % 6,5 eskola-bideak sortzera eta/edo dinamizatzera. (*)

Osasun Sailak funtsezkotzat jotzen du elkarte eta kooperatiba horien zeregina eta ekarpena ikasleen jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa murrizteko.

Era berean, azpimarratu du eskola-ingurunean jarduera fisikoa sustatzeak tresna eraginkorra izateko duen potentziala, ariketa egiteak duen garrantziaren inguruan txikitatik kontzientziazio-maila handitzeko. Praktika horrek, osasun fisikoa hobetzeaz gain, ikasleen memoria eta errendimendu akademikoa handitzen ditu, eta ongizate psikikoan eta pertsonen arteko harremanetan laguntzen du.

 

*Ehunekoen baturak % 100 gainditzen du, proiektuen % 11,3k helburu bakar bat baino gehiago biltzen baitzuten.