Euskadiren Estatu Batuetako eta Kanadako Ordezkaritzak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzarekin eta Euskadiko Atletismo Federazioarekin lankidetzan, harrera egingo die 2025eko New York hiriko maratoian parte hartuko duten euskal korrikalariei, baita haien senide eta laguntzaileei ere.
Harrera ekitaldia, bihar, urriaren 31n izango da, arratsaldeko 4:00etan, Ordezkaritzaren egoitzan (820 2nd Ave, Suite 13B, New York, NY 10017). Ekitaldian zehar, lasterketan parte hartuko duten kirolariei elastiko oroigarri bana oparituko zaie.
New Yorkeko Maratoiaren 54. edizioa azaroaren 2an, igandean, ospatuko da.
Aurtengo edizioan 21 korrikalarik eman dute izena (16 gizon eta 5 emakume). Kirolariak eta haien familiak kontuan hartuta, 40 lagun inguru elkartzea espero da. Batzuk Euskal Herritik etorriko dira, eta beste batzuk Boston eta New Yorkeko diasporako kideak izango dira.






