Bilbo izango da Basque Segurtasun Foroa hartuko duen lehen hiriburua

0
  • Segurtasuneko sailburuak eta Bilboko alkateak parte hartuko dute asteazken honetan Foroan, gizartearen beste 30 ordezkari baino gehiagorekin batera
  • Besteak beste, azken hilabeteotan behera egin duten Bilboko delituen datuak aztertuko dituzte

Bilboko Zabalguneko eraikinak Bilboko Basque Segurtasun Foroa hartuko du asteazken honetan, hiriburuetako batean egiten den lehena. Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak parte hartuko dute topaketan, bai eta Bilboko gizartearen 30 ordezkarik baino gehiagok ere.

Basque Segurtasun Foroak proposatzen duen dinamika parte-hartzailean, besteak beste, Ertzaintzak gaur argitaratu dituen urteko hirugarren hiruhilekoko delituen estatistikak aztertuko dituzte. 2025eko lehenengo bederatzi hilabeteetan Bilbon egin diren delituen guztizko kopuruek erakusten dute behera egin dutela 2024. urtearekin alderatuta, iaz 17.267 erregistratu baitziren eta aurten 17.003. 1.000 biztanleko delituen tasa 0,77 jaitsi da, eta zigor-arloko arau-hauste presentzialek 1,53 puntu egin dute behera. Delitu presentzialen barruan, jaitsierarik handienak ebasketetan, etxeetako lapurretetan, indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretetan eta ibilgailuen lapurretetan izan dira, baina gora egin dute, aldiz, sexu-erasoek eta giza hilketek, bai burutuek (1etik 3ra igo dira) bai saiakuntzek (6tik 11ra igo dira).

Internet bidez egindako delituei dagokienez, zertxobait gora egin dute: 2024ko aldi berean erregistratutako 3.106tik aurtengo 3.303ra.

Arau-hauste penalak Euskadin

Aurtengo urtarriletik irailera bitartean, Ertzaintzak jakin du Euskadin guztira 80.111 arau-hauste penal egin direla, eta iazko aldi berean 79.040 egin ziren, eta horrek adierazten du ehuneko 1,36 igo direla.  Arau-hauste presentzialen % 67 ondarearen eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkakoak izan dira, batez ere ebasketak (0,43 jaitsi dira) eta gauzetan indarra erabiliz egindako lapurretak (2,17 puntu igo dira).

Igoera hori izan da bai arau-hauste presentzialetan, 60.390 izatetik 60.732 izatera igaro baitira, bai ziberdelinkuentziarekin lotutakoetan, 18.650etik 19.739ra igo baitira, hau da, guztizkoaren ehuneko 25 inguru. Hau da, Euskadin egiten diren lau arau-hauste penaletatik bat teknologia berrien bidez egiten da, eta gehien-gehienak iruzur informatikoak dira.

Erregistratutako arau-hauste penal guztietatik 28.758 kasutan pertsonak atxilotu edo ikertu dira. Arau-hauste gehienak, 15.294, espainiar nazionalitateko pertsonek egin dituzte. Atzerritar jatorriko pertsonek egindako arau-hausteak 13.448 izan dira.

Atxilotuen % 88 gizonak dira, bai eta ikertutakoen % 76 ere.

Prozesu parte-hartzailea Euskadi osoan

Basque Segurtasun Foroa Bilbora iritsi da Lea-Artibai, Debabarrena, Ezkerraldea, Enkarterri, Araba, Urola Kosta eta Aiaraldea eskualdeetan egindako topaketen ondoren, eta Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien, udalen eta Euskadiko beste gizarte-eragile batzuen arteko partaidetzarako eta elkarrizketarako gune egonkor gisa finkatu da.

Parte hartzeko prozesu horren helburua da segurtasunari buruz ikuspegi integral batetik diagnostiko partekatua egitea. Prozesuak hilabeteak beharko ditu, eta hainbat erakunde, entitate eta eragilek bertan topagune bat izango dute segurtasunarekin lotuta kezkatzen dituzten gaiak lantzeko: herritarren segurtasuna, larrialdi klimatikoa, mugikortasuna, ekitaldi handiak, zibersegurtasuna, larrialdiak…

Basque Segurtasun Foroa – Bilbo

·         Eguna eta ordua: Azaroak 05 17:00etan.

·         Lekua: Zabalguneko Eraikina (Zabalgune plaza, 11)