20.000 enpresa baino gehiago ari dira lankidetzan Euskadiko Lanbide Heziketarekin, eta horri esker lan-errealitatearekin zuzeneko kontaktuan ikasi eta % 90 inguruko enplegagarritasuna lor dezakete ikasleek.
Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak Euskadiko Lanbide Heziketako 33 ikastetxe biltzen dituen elkarteak antolatutako HETEL 2025 sariak banatzeko ekitaldian parte hartu du gaur goizean. Bi urtean behingo lehiaketak Lanbide Heziketa bultzatzen duten enpresak, erakundeak eta pertsonak saritzen ditu.
“Lankidetza eraldaketa lortzeko gakoa” goiburua izan duen topaketan hezkuntzako sailburuorde Jon Labaka ere izan da. Hezkuntzako sailburuak azpimarratu duenez, “Euskadin aurrerabidea esku askoren artean eraikitzen da, hurbiltasunetik eta ekintzekin”, eta konfiantza azpimarratu du baterako lan horren ardatz gisa: “Ahaleginak batzen ditugunean, gaitasunak biderkatu egiten dira, eta horrela agertzen da funtsezkoa: konfiantza”, adierazi du.
Pedrosak ikastetxeen, enpresen, irakasleen, familien eta ikasleen arteko loturak nabarmendu ditu, bere ustez “gure herrialdeko onena islatzen baitute: edozein aldaketa sakon ahalbidetzen duten lankidetza eta konpromisoa”. Gogorarazi duenez, lankidetza-sare hori 20.000 enpresatik gorakoa da gaur egun, eta laneratze-tasak % 90 ingurukoak; horrek finkatzen du LHren euskal eredua erreferente gisa.
Azaldu duenez, erakundeen, eragileen eta ikastetxeen inplikazioak euskal LH erreferente gisa kokatu du, industria-ehunaren beharrei erantzuteko gai dena, “pertsona guztientzako benetako aukerak bermatuta”. “Hori guztia posible da —gaineratu du— Euskadik Lanbide Heziketako sistema publiko indartsua, malgua eta bere ingurunearekin etengabeko elkarrizketan dagoena eraiki duelako”.
Pedrosak LHren dimentsio inklusiboa ere azpimarratu du, 7.000 plaza inguru baitaude laguntza handiagoa behar duten ikasleentzat, oinarrizko graduen, erdi mailako graduen, prestakuntza modularraren eta ibilbide egokituen bidez. Era berean, genero-berdintasunaren aurrerapena gogorarazi du, ikasleen % 35,6 emakumeak baitira eta industria-esparru estrategikoetan gero eta presentzia handiagoa dute.
Sailburuak adierazi duenez, «Lanbide Hezketak kualifikazioa ematen du, bizi-proiektuak laguntzen ditu, herrialdearen lehiakortasuna bultzatzen du eta gizarte-kohesioa indartzen du», eta azpimarratu du Hezkuntza Sailaren helburua dela «pertsonak ondo heztea dela, hobeto bizi daitezen, benetako aukerak eta bizi-proiektu sendoak izan ditzaten».
“Euskadiko Lanbide Heziketak erakusten du hezkuntza eta enpresa eskutik helduta doazenean, ikasleak hazi egiten direla eta herrialde oso batek aurrera egiten duela”, esanez amaitu du.
Ekitaldiaren amaieran, sariak eman zaizkie GRI, Ingeteam eta RPKri, prestakuntzarekin eta talentu gaztearekin duten konpromisoagatik, eta Pedrosak zorionak eta eskerrak eman dizkie.






