Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Donostiako alkateak Gipuzkoako hiriburuaren osasun arloko egoera aztertu dute

0
  • Osasun Sailak 47,2 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu 2026an, Donostiako osasun-azpiegiturak eta -zerbitzuak indartzeko
  • Alberto Martínezek eta Jon Insaustik hainbat osasun-zentro bisitatu dituzte gaur goizean, Lehen Mailako Arretan Alde Zaharreko osasun-zentroa eta Loiola auzoko zentro berria kokatuko den lursaila, eta Donostia Ospitalea eta protonterapiako eraikin berriaren obrak

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek eta Donostiako alkate Jon Insaustik lan-topaketa bat izan dute gaur goizean, Gipuzkoako hiriburuaren osasun-arloko egoera eta aurreikusitako inbertsioak aztertzeko.

Jardunaldia Alde Zaharreko osasun-zentrora egindako bisitarekin hasi da, eta bertan bi ordezkariek Lehen Mailako Arretako osasun-taldeko profesionalekin hitz egin dute. Ondoren, Donostia Ospitalera bertaratu dira, protonterapiako eraikin berriaren obren garapena bertatik bertara ezagutzeko eta zentroko zuzendaritzarekin iritziak trukatzeko. Ibilbidea Loiola auzoan amaitu da, osasun-zentro berria kokatuko den lekuan.

Bileran, Martínez sailburuak, atzo Osasun Sailaren aurrekontuak aurkeztu zituenak, 2026rako bideratutako partidak zehaztu dizkio alkateari; 37,8 milioi eurokoak dira, Donostiako osasun-azpiegiturak eta -zerbitzuak indartzera bideratuak, eta horietatik 23 milioi inguru datorren urtean inbertituko dira protonterapiako eraikinaren obrak garatzeko, bi urtean lehen pazienteak hartzea espero baita. Gainera, 6,5 milioi euro inbertituko dira Ama-Haurrak eraikina berritzeko, 3,4 milioi Bitarteko Zainketen Unitate bat sortzeko, 5 milioi euro garbitegia modernizatzeko eta 9,4 Txomin Eneako osasun-zentro berrian.

Zentro berri bat Txomin Enean, hazten ari den populazioarentzat

Jardunaldia amaitzeko, sailburua eta alkatea Loiola auzora hurbildu dira. Bertan, Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun-zentro berri bat eraikitzeko asmoa dute, egungoa baino azpiegitura moderno eta zabalagoa, hedatzen ari den biztanleriaren beharrei erantzuteko pentsatua. Martínezek eta Insaustik Arteleku plazan dagoen partzela bisitatu dute, Goikoene kalearen ondoan, zentro berria kokatuko den lekuan. Guztira 9,4 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da.

Zentro berriak lau solairu eta osasun-arreta hobetzeko pentsatutako banaketa izango ditu:

  • Familia Medikuntzan, 11 kontsulta mediko eta erizaintzako 10 izango ditu.
  • Pediatrian, 3 kontsulta mediko eta erizaintzako 2.
  • Gainera, Emakumearen Arretako 2 kontsulta, fisioterapiako 2 eta gimnasio bat izango ditu.
  • Sendaketa-zerbitzuak, erauzketak, proba osagarriak, larrialdiak eta talde-jarduerak gehituko dira, baita 6 administrazio-postu ere.

Proiektua joan den abuztuan atera zen lizitaziora, eta obrak urtea amaitu baino lehen hastea aurreikusten da, 24 hilabeteko egikaritze-epearekin.