Tolosarrek bozkatuko dute Zubi Berria zein proiektuk ordezkatuko duen

0
  • Azterketa teknikoa egin ondoren, gutxieneko puntuazioa lortzen duten proposamen guztien artean egingo da bozketa.
  • Valentziako DANA gertatu ostean, zutaberik gabeko zubia egitea ezinbesteko irizpidetzat markatu du Eusko Jaurlaritzaren URA Agentziak. 

URAk zubi berria ordezkatzeko proiektua esleitzeko herritarrek bozkatu ahal izango dute. Halaxe adostu dute Tolosako Udalak eta URA Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Transizio enegertiko eta jasangarritasun Sailaren barne dagoenak.  Herritarrei ere erabakimena eman ez ezik, egitasmoaren helburua da zubia ordezkatzeko egon daitezkeen beste aukera batzuk ere mahai gainean jartzea, uholdegarritasun arriskua murrizteko xedera hobekien egokitzen den proiektua aukeratu ahal izateko.

 

Proiektua esleitzeko irizpideen artean herri-bozketa sartzen duen prozedura irekia.

 

2023ko martxoan URAk jendaurrean jarri zuen Zubi Berria ordezkatzeko proiektua. Herrian sortu zuen eztabaida tarteko, Udalak diseinu berri bat aztertzeko eskaera egin zion URAri, proiektuaren ezaugarri hidraulikoen onurei eutsiz, baina egungo zubiaren estetikarekin lotura handiagoa izan zezan eskatuz. Eskaera onartu, eta ekainean argitaratu zen lehen proiektua eteteko erabakia, Euskal Herriko Agintaritzako Aldizkarian.

 

Bada, udal hauteskundeen ondorengo gobernu aldaketa eta gero, aditu gehiagoren iritziak jaso zituen Udalak, neurri osagarrien inguruan galdetzearekin batera. Iazko ekainean azaldu moduan, ondorioa bera izan zen: Zubi Berria ordezkatzea zela eraginkorrena.

 

Hori ikusita, Tolosako Udalak proposamen bat garatu zuen, Gipuzkoan eta nazioartean gisa honetako proiektuak egin dituen Anta ingeniaritza zibileko adituekin. Oria ibaian jarduketa bat baino gehiago egin dituzte, hala nola, Villabonan, Martutenen, Ordizian, eta baita Tolosan ere: Armeria plazatik Jon Andoni Irazusta pasealekura doana. Proposamen bat baino gehiago landu zituen Antak, eta guztien artean zutabe bakarreko zubi baten proposamena hobetsi zen, ondorioak neurtzen hasita, aukerarik bideragarriena zelakoan.

 

Alta, eremuaren uholde arriskua ezagututa, ibilguaren zabalera zein den ikusita, Oriaren emariak zorrotz ezagututa,   eta lortu nahi den segurtasun-atalasea gogoan,  zutaberik gabeko zubiaren irizpidearen alde egin du URAk. Dena den, egindako proposamenari jarraituz, eta zubia ordezkatzeko modu gehiago daudela ikusita, bide berri baterako aukera zabaldu zuen: proiektua esleitzeko irizpideen artean herri-bozketa sartzearena . Ordutik, pleguen lanketan aritu da URA Agentzia, eta jada argitaratu du deialdia.

 

 

Herritarren parte hartzeaz

 

Hasieran, proposamen guztien azterketa teknikoa egingo da, eta lortutako puntuazioak % 40ko balioa izango du azken emaitzarako. Oinarrietan jasota dauden baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak, berriz, baztertu egingo dira. Honako irizpide hauek baloratuko dira:

 

  • Proiektuaren eta inguruaren analisia (gehienez 34 puntu)

 

  • Proiektuari dagokiona (gehienez 28 p.)

 

  • Inguruaren ezagutza (3 p.)
  • Proposamenaren gaitasun hidraulikoa (9 p.)
  • Jarduketa, diseinu eta proiektuaren proposamena (13 p.)
  • Obrarako sarbideak eta lurren okupazio maila (3 p.)

 

  • Ingurumenari lotutako ondorioen ebaluazioa (gehienez 2 p.)
  • Udalerriari eta zerbitzuei lotutako ondorioen maila (4 p.)

 

  • Organigrama, plafinikazioa, giza baliabideak eta materialak (6 p.)
    • Organigrama eta giza baliabideak (2 p.)
    • Metodologia eta plangintza (4 p.)

 

Gutxienez 20 puntu jasotzen dituzten proiektuak pasako dira bigarren fase batera.

 

Bigarren fase horretan, formula bidez automatikoki ebaluatu ahal izango diren bi aldagai finkatu dira: batetik, herri bozketa egingo da proposamen guztien artean, Erabaki plataforma erabilita —presentzialki bozka emateko aukera ere bermatuko da—. Tolosan erroldatutako 16 urtetik gorako biztanleek bozkatu ahal izango dute. Kasu honetan ere, azken emaitzan % 40ko balioa izango du puntuazioak. Bestetik, proposamen ekonomikoa ebaluatuko da, formula bidez, eta gainerako % 20ko balioa izango du. Bigarren fase hori abiatu aurretik azalduko dira parte hartu ahal izateko xehetasunak. Dena den, jardunaldi ireki bat antolatuko da aurretik, proiektuen ezaugarriak azaltzeko.

 

Lizitatzaile bakoitzak jasotako hiru puntuazioak batuko dira, eta puntu gehien dituenak proiektua egin beharko du ondoren. Hala ere, puntu gehien dituena URAren proposamena baldin bada, irtenbide hori zuzenean gauzatuko da, proiektua eginda baitago. Kasu horretan, esleitze prozesua bertan behera gelditu, eta 2022ko proiektuak aurrera egingo luke.

 

Proiektu egokia identifikatutakoan, obra proiektua idatziko da, egin beharreko lanak zehatz mehatz jasotzeko.

 

 

 

«Ezer ez egitea, ez da aukera»

 

Iraganean, Oria ibaiaren uholde lautadak okupatu izan direnez, ohiko ibilguak ahalmen hidrauliko eskasa du Tolosako udalerritik igarotzean, eta horrek, euri mardulen sasoietan, erasanak eragin ditzake. Uholde-arrisku gehiena biltzen duten eremuak Alde Zaharra eta zabalgunea dira, eta gune horiek gehiago babestu ahal izateko zubiaren gaitasun hidraulikoa handitzea aholkatzen dute URA Agentziak eta kontsultatutako gainerako adituek. Ondorioa argia da: «ezer ez egitea, ez da aukera».

 

Era berean, Udalak bestelako lanak ere abiatu ditu helburu berarekin, URA Agentziaren arau, irizpide eta gomendioei jarraituz, besteak beste, espezie inbaditzaileen garbiketarena, edo zubietako (zuloak/baoak) pilatutako materiala kentzearena. Zabaldutako usteen kontrara, ibai ertzeko landaredia errotik kentzea ez da soluzio eraginkorra uholdegarritasuna murrizteko. Kontrakoa, arriskua areagotu egiten du goraldietan, uraren abiadura asko handitzen duelako.

 

Iaz, gaia sakon aztertzeko jardunaldia antolatu zen Topic aretoan, Udalaz eta URA Agentziaz gaindiko lau adituren parte hartzearekin. Adituek emandako azalpenak bideoan jaso ziren, eta hemen kontsultatu ahal dira.