Zaldunbordako makrooutletaren sustatzaileek ia 14 milioi euroko demanda jarri dute Hondarribiko Udalaren aurka

0

Zaldunbordako makrooutleta bultzatu zuten Higertoki eta Zaldunborda Berri sustatzaileek 13.700.000 euroko demanda aurkeztu dute Hondarribiko Udalaren kontra, proiektua bertan behera gelditzeak ustez eragin dizkien kalte ekonomikoengatik.

Irungo epaitegian jarritako demandan zehazten denez, 2019-2023 agintaldian EAJ-PNVren gobernuak HAPOa osatzean egindako akatsek eragin zuten planaren baliogabetzea. Ondorioz, HAPOn jasota zegoen Zaldunbordako makrooutletaren proiektua bideraezina bihurtu zen. Hori dela eta, tarte horretan sustatzaileek ustez egindako lanengatik udalaren gaur egungo finantza egoera larri kolpatuko lukeen ia 14.000.000 euroko demanda jarri dio udalari.

Igor Enparan alkateak zuzentzen duen udal gobernuak larritzat jo du demanda aurkeztu izana, Udalak makrooutletaren sustatzaileei diru kopuru hori ordaindu beharko balie udal kontuek kolpe handia jasoko luketelako. “Demanda hau jartzea larria da, hondarribiarrei eta tokiko merkataritzari inolako onurarik ekarriko ez zion makroproiektu baten sustatzaileek berriro ere gure kontura milioiak eta milioiak irabazi nahi dituztelako, modu bidegabean. 2 milioi euro inguruko operazio bat ia 14 milioi euroko kalte-ordain bihurtu nahi dute. Larria litzateke  epaileek ordaintzera behartuko baligute, izan ere, EAJ-PNVko udal arduradunek egindako akats larrien erantzule ginateke. Hondarribiarrok ezin dugu hipotekatu gure oraina eta etorkizuna politiko batzuen kudeaketa kaskarrarengatik” azaldu du gobernuak.

Egoera honen aurrean, udal gobernuak herritarren interesak Udal ondarea defendatuko ditu. “Ditugun baliabide guztiak jarriko ditugu sustatzaile horien asmoei aurre egiteko  eta, gainera, modu garden baten bidez egingo dugu: prozesuaren urrats guztiak herritarrei azalduko dizkiegu, eta prozesu honek argituko dituen azterketa eta datu guztiak herritarren esku jarriko ditugu, Zaldunbordako proiektuaren inguruan gertatu zen guztia hobeto ezagutu dezaten”. Izan ere, udal gobernuaren ustez, gutxi dakigu oraindik Zaldunbordako makroproiektuaren inguruan zeuden interes ekonomiko eta politikoen gainean, baina demanda hau jarri izanak lagun dezake interes ezkutu horien gainean argi-izpi gehiago izaten.