eLankidetzak 40 milloi euroko laguntza emango die hainbat GGKeri hegoko 25 herrialdetan 86 proiektu garatzeko

0
  • Herrialde hartzaile nagusiak daude Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan, Saharaz Hegoaldeko Afrikan eta Euskadin.
  • Laguntzei esker, babestuko dira emakumeak ahalduntzeko prozesuak, produkzio garapenerako eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko proiektuak edo sentsibilizazio ekintzak

 

Vitoria-Gasteiz, 2025/11/07

eLankidetza- Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, 40 miloi euro eman dizkie hiru modalitatetan banatzen diren 86 proiekturi: garapenerako lankidetzako proiektuak; garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak, eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza proiektuak. Deialdi hori da eLankidetzaren ardatz garrantzitsuena, bai funtsei dagokionez, eta baita sustatzen dituen eragile eta ekintza kopuruagatik ere.

eLankidetzaren lehentasun estrategikoei jarraituz, onartutako ekimenen % 18 emakumeen ahalduntzeari edo desparekotasunak desagertzeari zuzenduak daude. Gainera, % 9 giza eskubideen defendatzaileak babestera bideratuko dira, % 20 Saharaz Hegoaldeko Afrikan gauzatuko dira eta % 17 Euskadin.

Lankidetza eta elkartasuna

Garapenerako lankidetzaren proiektuek balio dute pobreziaren aurkako borrokarako eta pobretutako Hegoko herrialdeen tokiko garapenerako prozesuak indartzeko.

Azken horietara bideratu dira funts gehienak ─32 milioi euro inguru─ eta 60 proiektuk jasoko dute dirulaguntza. 25 herrialdetan egingo dira, eta horietatik nagusiak honako hauek dira: El Salvador, Kolonbia, Peru eta Guatemala, eta Afrikako kontinentean Ruanda eta Txad.

Garapenerako lankidetzako proiektuak Euskadiko eta Hegoko erakundeen bidez gauzatuko dira. Nagusiki bideratuko dira, besteak beste, emakumeen ahalduntzera, genero indarkeriaren aurkako borrokara, herri indigenen eta LGTBI+ pertsonen eskubideen babesera, komunitateen elikagai burujabetzara edo erakundeen sendotzera.

Garapen produktiborako, prestakuntzarako eta laguntza teknologikorako ekimenei dagokienez, 4 proiektu onartu dira Kolonbian, Kuban, Brasil eta Costa Rican. Guztira, 1,3 milioi bat euro jasoko dituzte.

Azkenik, gizarte-eraldaketarako hezkuntzan 22 proiektu onartu dira, eta 6,6 milioi euro zuzenduko dira. Hezkuntza-ekimen batzuk iraunkortasun ekologikoaren, giza eskubideen eta genero-berdintasunaren, balio solidarioetan oinarritutako hezkuntzaren edo 2030 Agendaren ingurukoak izango dira.

Proiektu gehienak Euskadin egingo dira, eta Hegoko errealitatearekin lotura izango dute; izan ere, helburua da munduko desberdintasunak sortzen dituzten egiturazko arrazoien ulermena sustatzea eta, gizartea eraldatzeko, euskal herritarren inplikazioa eta elkartasunerako konpromisoa bultzatzea.